Datorren astelehenean, ekainak 30, Durangoko Astarloa adinekoen zentroko igogailua barritzen hasiko dira. Azpiegiturak hainbat irisgarritasun arazo izan ditu orain arte, eta hainbat bider egon da matxuratuta. Hori dela eta, igogailuaren zuloa handitu eta instalazio berria ipiniko dute, zerbitzuaren azkartasuna eta garraiatu beharreko pertsona kopurua handitze aldera. Gainera, etorkizuneko igogailuak, larrialdiren bat dagoen kasuan, anbulantzietako ohatila sartzeko aukera ere eskainiko du. Azkenik, azpiegitura egungo legedira moldatuko dute. Adinekoen zentroa aterpetzen duen eraikina hainbat jaberena da, eta horrenbestez, bertan esku hartzen duten jabe guztiek izango dute igogailu berria finantzatzeko betebeharra. Durangoko Udalari dagokionez, eraikinaren % 8 da berea, eta horrenbestez, aurrekontuko kopuru hori finantzatuko du diruz: 53.010 euro. Lanek hilabete bi inguru iraungo dute. Udalak lanak udan egitea erabaki du, sasoi horretan gutxitu egiten delako erabiltzaileen sartu-irten kopurua.
Bestalde, eraikineko sarreran, beheko korridorean ere hainbat hobekuntza egingo dutela aurreratu du udalak. Argiztapena, buzoiak eta estetika aldatuko dituzte, besteak beste. Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jesica Ruiz alkateordeak esan dutenez, "pertsona nagusien beharrizanak aldatzen doaz, eta irtenbide aproposak topatzen" dabiltza. "Nagusiek espazio funtzional eta irisgarria behar dute, gustora egoteko eremu bat", gaineratu dute.