"Ikasteko aukera bat da taberna eramatea"

Aitziber Basauri 2025ko eka. 22a, 10:30

Ezkerretik eskumara Paul Otxoa De Aspuru, Asier Imaz eta Sehila Ibarra.

Durangoko igerilekuetako taberna eramango du udan Paul Otxoa De Aspuruk, Asier Imaz eta Sehila Ibarragaz batera. Astebete da zabaldu zutela eta lanari neurria hartzen dabiltzala esan du

Zer dela eta hartu duzue igerilekuetako taberna?
Lehenengoz aurkeztu gara horrelako lehiaketa publiko batera. Bada, erronka txiki bat izan da. Hile hauetan lan egiteko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen Asierrek eta biok. Esperientzia gutxi dugu ostalaritzan, eta Sheilari gugaz lan egitea proposatu genion. Berak badu esperientzia. Astebete da taberna zabaldu dugula, eta lanari neurria hartzen gabiltza; eskariak egiteari eta abar. Ikasteko aukera bat da taberna eramatea, gauza berri bat probatzeko aukera. 

Zelan hasi duzue igerilekuetako denboraldia? 
Ondo! Eguraldi onagaz hasi ginen, eta asteburuan eguraldi eskasa egin zuen arren, aste honetan egun eguzkitsuak eta beroa ditugu berriro. Geroago eta jende gehiago hurbiltzea espero dugu. Umeek eskola izan dute eta igartzen da. 

Eguraldia Damoklesen ezpata duzue. Horrek arduratu egiten zaituzte?
Eguraldiak asko eragiten du, bai. Baina ez dut horretan larregi pentsatu. Eguraldi onagaz hasi gara, gainera. Entzun dudanez, uda ona datorkigu; beraz...

Askok oporrak hartzen dituztenean, zuei lan egitea tokatuko zaizue. 
Bai, baina motibatuta gaude. Egunotan, goizean zein arratsaldean etorri izan gara, egunerokoari neurria hartzeko; aurrerago txandaka aritzea pentsatu dugu. Ikusiko dugu arratsaldeetarako besteren bat hartu edo ez. 

Irailean oporrak hartuko dituzue?
Ea hala den, futbola eta ikasketak hasi baino lehenago.

Igerileku zaleak zarete?
Igerileku zalea izan naiz. Orain, gurago dut hondartza.

Durangoko igerilekuetara datozenek zer topatuko dute zuenean?
Edaria, izozkiak eta litxarreriak ez ezik, jatekoa ere eskaintzen dugu. Batez ere, errazioak eta entsaladak. Baina hanburgesak eta umeentzako askari handiak eskaintzen ere hasi gara. Horrez gainera, aurrera begira, jendea erakarri dezakeen ekintzaren bat antolatzea ere pentsatu dugu. Adibidez, herri paella bat. Eta giro ona, jakina! Gu gazteak gara eta jende gaztea ere erakarri gura dugu. Deneriko bezeroak hurbiltzera animatu gura dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!