Durangoko EH Bilduren iritziz, gobernu taldea "geldialdian" dago

Anboto 2025ko eka. 20a, 10:34

"Legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenak hasi gabe" daudela diote, eta udal gobernua "norabide barik" dabilela. 

Durangoko EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo, legegintzaldiaren lehenengo bi urteen balantzea egiteko. Euren arabera, "legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenak hasi gabe daude", eta gobernu taldeari egotzi diote "geldialdian" eta "norabide barik" egotea: "Legegintzaldi erdia pasa da eta unea da balantze serio bat egiteko. Bi urte igaro dira EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituenetik, baina EAJ eta PSE-EE Alderdi Popularrarekin aliatu ziren, eta durangarren ongizatean helburu izango zuen gobernu baten ordez, alderdien interes partikularretan oinarritutako gobernua jarri zuten martxan", kritikatu dute.

Gobernuak eskuartean dituen proiektuak "aurreko legegintzaldian abiatutakoak" direla esan dute. Horien artean zerrendatu dituzte trenbide zaharraren trazadura berreskuratzea, Antso Estegiz kalea birgaitzea, indarkeria matxistaren kontrako unitatea sortzea, auzo bilerak egitea eta aurrekontu parte hartzaileak. Era berean, hainbat proiektu "geldirik eta aurrera egin ezinda" geratu direla gaineratu dute, hala nola "Tabirako aldagelak, Correos eraikineko Kultur Etxea, San Faustoko auzo etxea" edo "PERI proiektua". Euskarari dagokionez, "atzerapauso nabarmenak" egin direla salatu dute.

Horren aurrean, koalizio subiranistak "oposizio eraikitzailea" egiten jarraituko duela esan du, "etengabeko proposamenak egiten". Horietako batzuk "martxan jartzea lortu" dutela esan dute: "Ortu ludikoak, Herri hezitzailea dinamika, Energia Komunitateak bultzatzeko diru partidak edo Etxebizitza mahaiaren sorrera", esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!