Durangoko gobernu taldearen arabera, legealdiko ekintzen % 88 "martxan edo amaituta daude"

Anboto 2025ko eka. 19a, 13:03

Legealdiko lehenengo bi urteak igarota, udal gobernu taldeko kideek orain artekoaren balantzea egin dute. Adierazi dutenez, "aurrerapen nabarmenak" egin dituzte "etxebizitzan, durangarrentzako kalitatezko zerbitzuetan, azpiegituretan eta jasangarritasunean".

Durangoko gobernu taldeak legealdiko lehen bi urteen balantzea egin du San Agustin kulturguneko podkast saio batean. Mireia Elkoroiribe alkateak eta gobernu taldeko EAJko zazpi zinegotziek "ilusioz beterikotzat" jo dituzte egindako aurrerapenak: "Ekintzen %88 dagoeneko martxan edo amaituta" daudela esan dute, eta horrek lanean jarraitzeko motibazioan eragin diela azaldu. “Legegintzaldi honi ekiteko helburua argia zen: durangarren bizitza hobetzea. Horretan ari gara, etorkizuneko ikuspegiarekin planifikatuz, zintzotasunez lan eginez eta, batez ere, herritarrak entzunez gobernatuz”, adierazi du Elkoroiribek.

Alkateak adierazitako aurrapenen artean honako hauek daude:

  • Trenbide zaharreko trazadura Bide Berde bihurtzea, bi fase amaituta daudela, eta
    bidegorrien sarea handitzea, 14,5 kilometrotik 32 kilometrora igarota.
  • Merkatu plaza berritzeko lanak. Uztailean hasiko dituzte, eta eremu berritua urrian zabaltzea aurreikusi dute.
  • Adinekoen zentroaren irisgarritasuna hobetzeko lanak. Astarloan igogailu berria jarrita eta San Inazio parkearen sarbidean eta estalkian egokitzapenak eginda.
  • Kultura sustatzeko ekimenak, hala nola Plateruena Musika Aterpea 2026rako berriz irekitzea espazio musikal gisa. Horrez gainera, Pinondo Etxea Kultur Etxe gisa berritzeko proiektua berretsi dute.
  • Tabirako kirol gune berriaren diseinua eta eraikuntza. Irailean hasiko dira lanekin.
  • ETSrekin adostutako akordioa trenbidearen PERI garatzeko. Horren arabera, 400 etxebizitza baino gehiago (horietatik %40 babes ofizialekoak), hiri-parke bat eta Gaitasun Handiko Osasun Zentroa egitea aurreikusi dute.
  • Ekogarapen Gunea proiektua: Fundifes zaharreko lurren eta Eguzkitzako lurzoru
    industrialen garapen urbanistikoa. "aukera ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua" sortzeko.

Etorkizuna

Aurrera begira, alkateak azpimarratu du “erronka garrantzitsuenetako bat" etxebizitza eskuratzea dela. Horixe izango da "lehentasunetako bat". Era berean, "segurtasuna, garbitasuna, kohesio soziala, berdintasuna, jasangarritasuna, kirola, kultura eta euskara” sustatzeko konpromisoa hartu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!