[ARGAZKI GALERIA]: Barandiaran egoitzak 20 urte bete ditu

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 19a, 13:19

Durangoko Joxe Miel Barandiaran zentroak 20 urte bete ditu. Bi hamarkada hauetan adineko ia 900 herritarri eskaini dizkiote zaintza, laguntasuna eta arreta. Eguerdi honetan egin dute urteurren ekitaldia. 

"Egoitza bat barik, etxe bat gara", dio Nagore Mardarasek, Barandiaran egoitzako zuzendari eta gizarte hezitzaileak. Eta ez zaio arrazoirik falta, zentroak 20 urteko bide oparoa egin du-eta, adinekoei beharrezko zaintza, arreta eta konpainia eskaintzen, "etxean bezala sentiarazten", beste era batera esanda: "Hemen, komunitatean bizi gara, bakoitzak bere ohiturak eta hartu emanak mantenduta. Izan ere, egoitzaren kokapenak hori ahalbidetzen du: erabiltzaileek beren hartu-emanak mantentzen dituzte, betiko dendetara, betiko tabernetara, kartetan jokatzera, joaten jarraitzen dute", azaldu du Mardarasek. "Uste dut hori dela gure etxearen aberastasuna". 

Ondo merezitako ibilbidea ospatzeko, komunitateko kideek urteurren ekitaldia egin dute eguerdian. Meza batekin hasi dute jardunaldia, Iurretako abesbatzaren parte hartzearekin, eta ekitaldian izan da, halaber, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea ere:  "Pozarren gaude egoitzak eta eguneko zentroak 20 urte bete dituelako. Durangorentzat inportantea da, batez ere, guztiz partekatzen dugulako hemengo eredua: zaintza eta gertutasuna. Pertsona bakoitzari ematen zaion tratu pertsonalizatu hori", txalotu du alkateak.

Horma-irudia

Ekitaldi nagusia, berriz, egoitzako patioan egin dute. Hitz hartzean parte hartu dute Nagore Mardaras zuzendariak berak, ama erresidentzian daukan herritar batek. "Izurrian, ama hona ekartzea erabaki genuen anai-arrebek. Hasiera batean, deseroso nengoen, erabaki hori hartzea etsitzearen pareko zerbat zela pentsatuta. Alabaina, oker nengoen. Ikusi dut ama hona ekartzea ez dela hari uko egitea izan. Izan ere, hemengoa ez da zaintza bakarrik, hemen laguntasun handia eskaintzen duzue. Eskerrik asko", esan du.

Era berean, ekitaldian parte hartu du Sor Isabel mojak, Bihotz Santuaren Ahizpa Ostalariak kongregazioko kideak. Uribarriko egoitza zaharrean eskainitako urteetako arreta eta gaur egungo ibilbidea izan ditu hizpide: "Iragana eta etorkizuna batu ditugu". Bestalde, patioko hormetako batean 20. urteurrena oroitzeko irudia egingo dutela iragarri dute komunitateko kideek. Irantzu Lekue artista gasteiztarrak egingo du obra. Dagoeneko, baina, komunitateko kideetako batzuek lehendabiziko marrazketak egin dituzte. 

Ekitaldian dantzaria eta txistularia ere izan dira. Mokadutxo batekin eman diote amaiera ospakizunari. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!