Negozion Bizkaiko Foru Aldundiaren programa da, herrietako negozioen eskualdatzea eta transmisioa erraztea helburu duena. Aldundiko eta Durangoko Udaleko ordezkariek gaur egin dute haren aurkezpena, Ezkurdin, eta erakusketa bat ipini dute herritarrei proiektuaren ezaugarriak gerturatzeko. Teresa Laespada enplegu eta gizarte kohesio diputatuaren berbetan, programak "Bizkaiko negozioen zarratzeei" erantzutea du helburu, euretariko askok ateak ixten dituzte-eta "erronka demografikoak edo jubilazioak" tarteko. "Negozio errentagarriak izaten dira, baina askotan ez dute nork hartu, eta gure sare ekonomikoko eta garapen ekonomikoko zati direnez gero, horien pertsianak zabalik mantentzen ahalegindu gura dugu. Azken finean, negozio oparoak dira, ekonomiari ekarpena egiten diotenak, jakintza bat dutenak, atzean bezeroak eta familiak dituztenak", azaldu du Laespadak.
Foru diputatuak gogoratu du Aldundiak 10 urte daramatzala herritarrei negozio berriak irekitzeko laguntzak eskaintzen. "Alabaina, konturatu ginen negozio berrien etorrera hauspotzeaz gain, beharrezkoa zela jada martxan zeuden negozioei eta horien transmisioari laguntzea". Interesdunek negozion.eus atarian zehazten dituzte eskualdatzea gura duten negozioak. Momentu honetan Bizkai osoko 345 eskaintza daude, eta euretariko 195 eskualdatzea lortu dute jada. Durangori dagokionez, 5 negozio daude plataforman, eta euretariko biren transmisioa jada eginda dago.
Jesica Ruiz Durangoko alkateordeak egitasmoa txalotu eta interesdunak deitu ditu web atarian sartzera eta aukerak ikustera. Era berean, Ruizek gogoratu du Durangoko Udalak hainbat laguntza dituela ekintzaileentzat. Kopuru hori % 20 dute ekitaldi honetan. Aurten, 22 komertzio lagundu dituzte: 19 negozio berri, 2 transmisio eta negozioa kalean ipintzea erabaki duten 3 ekintzaile.
Erakusketa
Negozion programako ezaugarriak eta eskaintzak ezagutarazteko erakusketa ibiltaria Bizkaiko hainbat herritan egon da orain arte. Gaur iritsi da Durangoko Ezkurdi plazara, eta bertan izango da, domekara arte.