Akelarre musika taldea bueltan da. Dokumental baten bidez, gutxienez. Durangoko Bideografik ikus-entzunezkoen ekoiztetxeak iragarri du plaza-talde mitikoaren dokumentala prestatzen dabilela. Hainbat hilabetetan ibili dira grabaketa lanetan murgilduta, eta behin-betiko emaitza aurtengo udazkenean estreinatuko dute.
Akelarre 70eko hamarkadan hasi zen Euskal Herriko plazak jairik jai girotzen, eta 2005ean agurtu zituen oholtzak, Hernaniko Oialume dantzalekuan eskainitako kontzertuan (zuzeneko hori DVD batean utzi zuten grabatuta). 2009ean, berriz, taldekideak emanaldi gutxi batzuk eskaintzeko batu ziren ostera ere. Oraingoz ez dute eszenatokietara itzuliko ote diren argitu; dokumentala aurkeztuko dutela baino ez dute iragarri. Beren ibilbideko errapasoa egingo dute ikus-entzunezkoan.
70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Akelarrek era nekaezinean girotu zituen Euskal Herriko plazak, jaiak eta dantzaldiak. Euskara hutsezko rock doinuekin jantzi zituzten dantzaldiak, doinu propioak eta ingelesezko taldeen bertsioak euskaratuta. 16 disko argitaratu zituzten.