Mugikortasun Iraunkorreko Plan berria egiten hasi dira Durangon

Anboto 2025ko eka. 17a, 14:06

Udalak galdetegi bat prestatu du, herritarren mugikortasun ohiturak, beharrizanak eta proposamenak jasotzeko. Hilaren 26an tailer parte hartzailea egingo dute bibliotekan. 

Durangoko Udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan berria egiten hasi da, udalerriko irisgarritasuna, eraginkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua hobetzeko. Lehenik eta behin egungo egoera aztertuko dute, eta ingurune jasangarriago bat ahalbidetzeko oinarriak ezarriko dituzte gero. Udalak azaldu duenez, mugikortasun gaietan espezializatutako enpresa batek egingo ditu prozesuko aholkularitza lanak. Era berean, durangarrek euren mugikortasun ohiturak jakinarazteko galdetegia prestatu du udalak. durango.eus atarian egongo da martxan, domekara arte. 

Bestalde, ekainaren 26an tailer parte hartzaile bat egingo dute udal liburutegian. Bertan, mugikortasuna hobetzeko erronka eta proposamen nagusiak definitzeko aukera izango dute herritarrek. Sara Oceja hirigintza zinegotziak mugikortasuna hobetzeko proiektuak aipatu ditu, hala nola Hegoaldeko Etorbidearen irekiera, Bizipark aparkalekua edo 32 kilometroko bidegorri sarea sortzea, besteak beste. "Hala ere, durangarron mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen dugu, guztion parte-hartzearekin gure etorkizunaren diseinuan. Ziur nago, elkarlanean, Durango iraunkorragoa eta guztiontzat hobea lortuko dugula", esan du Ocejak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!