Durangoko txokorik gogokoenen arteko argazki lehiaketa, martxan

Anboto 2025ko eka. 16a, 12:20

Durangoko Udalak Durangoko nire txokorik gogokoena lehiaketa aurkeztu du, Instagrameko argazkien bidez herriaren edertasuna sustatzeko txapelketa. 200 euroko eta 100 euroko sariak daude jokoan. 

Udal arduradunek goiz honetan eman dituzte lehiaketaren xehetasunak. Azaldu dutenez, "lehiaketaren helburua herriko paisaien aniztasuna, aberastasun kulturala, ezkutuko txokoak eta udalerriaren nortasuna erakustea da", eta horretarako, parte hartzaileek herriko edozein txoko erabili ahalko dute, "dela parke bat, ilunabarra ala duela gutxi ezagututako lekuren bat". Egitasmoan parte hartu gura dutenek Instagram sare sozialeko profil pertsonala erabili beharko dute. Hau da: lehiakideek gustuko argazkia hartu eta sare sozialean argitaratu beharko dute lau traola idatzita (#mirinconfavorito #mirinconfavoritodedurango #DurangoBizkaia #DurangokoTxokorikPolitena) eta @durangobizkaia kontua aipatuta. Azkenik, izena emateko inprimakia bete beharko dute. Lehiakide bakoitzak gura beste argazkirekin parte hartu ahalko du, betiere, aipatutako baldintzak betetzen badituzte.

Sari ugari

Argazkiak publikatzeko epea zabalik dago, eta uztailaren 18ra arte egongo da parte hartzeko aukera. Epaimahai bat arduratuko da sariak erabakitzeaz. Lehenengo saria 200 eurokoa izango da; bigarrena, 100 eurokoa. Udalak iragarri duenez, argazki irabalea udalerriko promozio materialetan erabiliko dute, hala nola postaletan, pegatinetan eta posterretan. Era berean, irabazleak Espainiako sariketan lehiatzeko aukera izango du. Lehiaketako sari nagusia 500 eurokoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!