Zein izan da zure betebeharra hiru urteko aholkularitza lan horretan?
Ez dago betebehar edo rol jakinik. Azken finean, kontseilu horretako kideok gure iritzia, gure ikuspegia, eskaini izan dugu hainbat gairen gainean. Arartekoak lanketarako gai bat ipintzen du urtero. Aurten, adibidez, nerabeen osasun fisikoa lantzen ibili gara. Iaz, nerabeen babesgabetasuna landu genuen, eta nire lehenengo urtean ingurumenagazko kezkak. Talde-dinamikak erabilita, partaideok arlo bakoitzean hobetu beharrekoak identifikatu ditugu. Zer dagoen ondo, zer txarto, indarrean dauden neurrietatik zer hobetuko genukeen eta abar.
Zelakoa izaten da aholkularitza lanetako mekanika?
Egun osoko hiru topaketa egin izan ditugu urtero. Zapatuetan batu izan gara, Bilbon, Gasteizen edo Donostian. Bilera horietariko bat berezia izaten da, asteburu osoko iraupena izaten du eta. Egonaldi horietan, etenik barik landu dugu aztergai bakoitza. Egonaldi horietariko bat izan da, hain zuzen ere, Arartekoagaz partekatutako esperientziarik gogoangarriena. Behin, nerabeen babesgabetasuna aztertzeko egonaldia egin genuen Espejon (Araba), eta harrera familietako 30 adin txikikogaz batu ginen. 30 nerabeak euren bizi esperientziak kontatzen hasi ziren eta oso esperientzia gogorra izan zen haiei entzutea. Batzuek esan zuten amak abandonatu zituztela, beste batzuek aitak alkoholismo arazoak zituela eta etxean egotea jasangaitza zitzaiela. Gero, eurekin aurrez aurre berbetan hasi ginenean, ikusi genuen oso pertsona onak zirela. "Zelan egin daiteke aurrera hori guzti hori bizi izan eta gero?" galdetzen genion geure buruari.
Esperientzia honen aurreko Elene eta gaur egungoa asko aldatu dira?
Asko aldatu naiz. Askoz helduagoa izaten lagundu dit. Batetik, nire inguruan dauden arazoei buruz kontzientzia hartzen lagundu dit. Espejoko egonaldiak, esaterako, pribilegioei buruz hausnartzera eraman nau, eta nire oraingo izaera sozialagoa dela iruditzen zait. Bestetik, nerabeon iritzia inportantea dela ikasi dut, aintzat hartua dela eta baliagarria dela. Bestalde, terminologia berria eta azalpenak hobeto ematen ikasi dut. Gainera, lagun mordoa egin dut.
Zuen proposamenak legebiltzarreko alderdi politikoen jarreran edo erabaki politikoetan islatu direla igarri duzu?
Islatu ez dakit hainbeste islatu diren, baina egin dugun lana oso inportantea dela iruditzen zait. Izan ere, Arartekoak Legebiltzarrera eramaten ditu guk jasotako gaiak, eta gure interpretazioa zein den jakinarazten die alderdi polotikoei. Orain ez bada ere, aurrerago gure iritzia erabaki politikoetan aintzat hartua izango den itxaropena dut.
Beste neraberen batentzako moduko esperientzia gomendagarria iruditzen zaizu?
Bai, esperientzia gomendagarria da, baina kontuan hartu behar da ez dela aproposa mundu guztiarentzat. Ezin duzu aholkularitza lan hau katxondeo modura hartu. Honek guzti honek konpromisoa eta lana eskatzen ditu, baina, hala ere, ondo pasatzen duzu.