Eguraldia iragartzea lan zaila da, analisi egokia egiteko faktore ugari sartzen baita jokoan, baina, aldi berean, zirraragarria ere bada, iragarpenak biziak salbatu ditzakeelako.
XX. mendearen hasieran, Durangoko meteorologoa famatu egin zen. Ez zuen neurtzeko inolako tresnarik, baina, memoria ikaragarri baten jabe izanik eta aldaera guztiak aztertuz, eguraldiaren gorabeherak eta aldaketak erregistratzeko gaitasuna izango zuen.
Julian Arrinda Oregi, hala zuen izena meteorologo ospetsuak, 1872ko abuztuaren 6an jaio zen, Berrizko Belakortu baserrian, eta Mallabiko Mailaldekoa baserriko Eusebia Berasaluze Azpitartegaz ezkondu zen. Senar-emazteek Durangora egin zuten. Julian Ferrocarriles Vascongadosen konpainiako trenbideak konpontzen zebilen langile brigadara joan zen lanera, eta Eusebia Kurutziaga kaleko taberna bat kudeatzera. Ondoren, Ezkurdira joan ziren, gaur egun BBVAren sukurtsala dagoen lekura. Hasieran, Fonda Arrinda jatetxea zabaldu zuten; gero, Comidas Arrinda izatera pasatu zen, eta, azkenik, iragarpenen ospea aprobetxatuta, Restaurante Julián Arrinda izenagaz ezaguna egingo zen.
Hasieran, Julianen iragarpenei ez zieten jaramonik egiten, baina, itsasoa bare egonik, Kantauriko kostaldea suntsitu zuen enbata ikaragarri baten ondorioz, Julianengan sinesten hasi ziren, Bermeon hainbat arrantzale hil zen-eta egun hartan. Izan ere, batzuetan kofradiek Arrindaren telegramak ipintzen zituzten Arrantzaleen Biltegien atarian, eragin zabalagoa izateko.
Julianen ospea hainbesteraino hedatu zen, non Castro Urdiales, Santoña eta Laredoko Arrantzaleen Kofradiek ere telegramak bidaltzeko eskatu baitzioten.
Arrindaren iragarpenak Bizkaian argitaratutako garaiko idatzizko hedabiderik gehienetan azaltzen ziren: El Liberal, El Noticiero Bilbaíno, Euzkadi, El Nervión edo Excelsior (kiroletakoa) hedabideetan.
José Camarero durangarrak, diputatu probintziala izanik, lan handia egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, besterik ezean, Juliani telegramen kostua ordainarazteko. Diru laguntza ematea lortu zuen. Hala ere, askotan kendu egiten zioten, Kutxa Probintzialaren baliabide ekonomikoak urriak zirelakoan.
Behin, Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiak diru kopuru bat eskaini zion, El Liberal egunkariak 1928ko ekainaren 15ean argitaratu zuen kronikan ikusi dezakegun moduan.
Batzuetan, telegramak bidaltzeko adina diru ez zeukala eta, Durangoko telegrafo buruak fidantzan ematen zion. Baina, hileko iragarpen bi egiten bazituen, ordaintzearena zailago jartzen zitzaion Juliani, eta funtzionarioaren eskuzabaltasunari eskerrak lortzen zuen bidalketak egitea.
Dirua dela eta, Julianek kritikak jasotzen zituen lagunen artetik, seme-alaba ugariren aita zelako, baina eguraldia iragartzearena Jainkoak emaniko dohaina zela erantzuten zien berak, denen zerbitzura jarri beharrekoa.
Eta bere zerbitzuak, arrantzaleei ez ezik, herri xeheari ere eskaintzen zizkion, agerikoak baitziren orduko zezenketa plazak eta frontoiko esku pilota partiduak.
Bilboko Aste Nagusiaren bezperan ere kazetari edo zezen plazako enpresabururen bat etorriko zen eguraldiaz galdetzera. Pronostikoa egin ondoren, sarrera pare bat oparitzen zioten, baina ez zen inoiz zezenketa bat bera ere ikustera joan.
Hala, 1928ko ekainaren 15eko El Liberal egunkariko lehenengo orrialdean, Durangaldeko jaiak irudikatzen zituen kartelean, Ezkurdi parkea, Urkiolako eliza eta Julian Arrinda baino ez ziren agertzen.
Eztabaida politikoak eta probintzialak alde batera utzita, El Liberal egunkaria oso kritikoa izan zen Julianegaz. Batez ere, Bizkaiak ez zuelako behatoki meteorologikorik, Gipuzkoak ez bezala, eta eguraldiaren iragarpena hain garrantzitsua izanik, oinarri akademikorik bako eta inolako bitarteko teknikorik bako morroi baten esku uzten zuelako.
Azkenik, egunkariak Julián Arrindaren lan eskuzabala aitortu zuen, honako kronika honen bitartez, non lanaren domina eskatzen baitzen Julianentzat, inoiz jasoko ez zuena, hain zuzen ere. Gauzak horrela, han-hemenkako pasadizoren bat kenduta eta gerra zibila tarteko, Julianek heriotz goiztiarra izan zuen. Eta, ezinbestean, bere irudia lausotu eta itzali egingo zen.
Arrindari buruzko idatziak sasoi hartako hedabideetan.
Itsasoaren egoera aztertzen
Juan Miguel Orcolaga abadea, Igeldoko Behatoki Meteorologikoaren sortzailea Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiaren laguntzagaz, harrituta geratzen zen Arrindak itsasoaren egoera barnealdetik iragartzen zuenean.
Behin, Behatokiak ur-denboralea iragarri zuen. Arrindak esan zuen Orcolagak, zituen aparatu guztiekin, ez zuela asmatuko, ekaitza lehertuko zela, baina ez ur ekaitza, haize ekaitza baino. Eta hala izan zen.
Orcolagak Igeldora gonbidatu zuen. Aurrez aurre ezagutu gura zuen eta bere jakin-mina ase. Iragarpenak egiteko zertan oinarritzen zen galdetu zion. Arrindak erantzun zion haizeen norabidea, hodei motak, eta egun batzuk eta aste batzuk lehenago zein hile batzuk lehenago ere egindako eguraldia kontuan hartzen zituela. Horrek guztiak itsasoaren egoera asmatzeko ere balio zion. Behaketak egunean bitan egiten zituen, Durangotik Abadiñora bidean, goizean eta iluntzean. Pozik etorri zen Igeldora egindako bisitatik, ikusitako aparatuengaitik, eta harro, hainbeste baliabiderik barik eguraldi iragarpenetan lehiakor sentitzen zelako. Amaitzeko, azpimarratzekoa da gizon bihozbera zela, bere diru apurraz behartsuei laguntzen atsegin handia hartzen zuena. Miguel izeneko eskalea ezagutu zuen, eta sarritan joaten zitzaion eskean zegoen Andre Maria elizara. Julianek lapiko txiki bat babarrun eramaten zion, baina, ustekabean, Miguelek oinordetzan dirua jaso, eta esker onez Arrindari kiloko ogi bat helarazten zion egunero.
Gerra zibilaren hasieran, Donostia tropa frankisten menpe jausi eta gero, Igeldoko behatokia Bilbora eraman zuten.
Handik gutxira, gaixotasun larri batek astindu zuen eta Durangoko bonbardaketan Asunción alaba galdu izanaren sufrimenduagaz, Julian Arrinda, ongia egin eta biziak salbatu gura zituen meteorologo umila, 1937ko urriaren 16an hil zen.
Pilota partiduetako eguraldiaren iragarpena Juan de Olazaran abade durangarrak, Andra Maria parrokiako organistak, 1951ko Sanantonio Jaien Egitarauan idatzita utzi zuen pilota partidu ospetsu bat hastera zihoala ikuslegoa beldur zela frontoian sartzeko, zeruak euria zekarrelako. Enpresariak, kezkatuta, Julian Arrindarengana jo zuen eta honen pronostikoa aldekoa zela ikusita, pilota zaleak sartzera animatzeko eskuz idatzitako agiria eskatu zioten Juliani.Eta, harrigarria izan bazen ere, ez zuen euririk egin. Pilotalekua bete egin zen, partiduak aurrera jo zuen eta Arrindaren gramatika arauen kontura hamaika barre egiteko ere aukera izan zuten. |