Zelan joan zen aurkezpena?
Ekainean jantzitegia prestatzeko lanetan murgilduta gaude. Aldi berean, nire aldetik, materiala prestatzen nabil. Oraindino ez dauzkat berbak gaztelaniazko bertsioan, baina ingelesez bai, eta horiekin nabil lan egiten. Beraz, neure kabuz nabil lanean, nire trebatzaileagaz, kantuko irakasleagaz... Gero, uztail hasieran, argazki eta bideo saioak egingo ditugu, sare sozialetarako eta promoziorako; uztailean testuaren behin betiko bertsioa izango dut eta hori ere landuko dut. Abuztuaren 7an hasiko ditugu entseguak, Madrilen, ekipo osoagaz. Lehenengo hileko entseguak gela batean egingo ditugu, eta gero aretoan bertan hasiko gara entseatzen. Gu heldu orduko, eszenografia muntatuta egoten da eta soinuaren diseinua ere eginda egoten da. Beraz, gu heltzen garenerako, entsegu gelan egindako lana aretoan bertan probatu dezakegu. Horrez gainera, estreinaldia baino hilabete lehenago, aurretiko funtzioak egiten ditugu; publikoak ohi baino merkeago erosten ditu sarrerak, eta emanaldi hauek probak egiteko baliagarriak dira. Orokorrean, emanaldi normal baten modukoa da, osorik eta jarraian egiten dugu, baina publikoak badaki arazo teknikoren bat egonez gero funtzioa geratu egin daitekeela. Urriaren 3an estreinatuko dugu.
Beste musikal batzuetan ere aritu zara. Hau da parte hartu duzun proiekturik handiena?
Aurretik egon naizen proiektuak ere musikal ezagunak izan dira eta ekoiztetxe handiekin lan egin izan dut. Mamma mia!, adibidez, mundu guztiak ezagutzen du. Baina, egia esan, Stage ekoiztetxea Espainiako ekoiztetxerik handiena eta ezagunena da. El rey león musikala eurena da, eta, beraz, bertako lanen batean protagonista izatea Espainian lortu dezakezun gorena da antzerki musikalean. Beraz, bai, inoiz parte hartu dudan eta hartuko dudan handiena da.
Igartzen da proiektuaren tamaina lan egiterakoan?
Bai, jakina. Adibidez, aurkezpena, protagonistaren paperean, Madrilgo kasinoan izan zen, 300 kazetariren aurrean. Goiz osoa elkarrizketak ematen egon nintzen, TVE edo Telecinco kateentzat, besteak beste. Alde handia dago, bai.
Artista legez, zein izan da zuretzat erronkarik handiena?
Rol berri bati ekitea egundoko erronka izaten da beti, baina, kasu honetan, proiektua bera Broadwaytik ez datorrela da erronkarik handiena. Adibidez, ekoiztetxe hau Aladdin egiten dabil orain; eurek amaitzen dutenean, geu sartuko gara Coliseum antzokira. Kasu honetan, produktua handik dator, eta hemen errepikatu egiten dute. Eurek esaten dizute zelan egin, eta hemen egiten da. Zuk badakizu pertsona bakoitzak zer egin behar duen, eta, beraz, erraza da entseguen aurretik edo ondoren bakoitzak zer egin behar duen jakitea. Broadwaytik dator. Marierrauskinen kasuan, hainbat gauza zerotik sortu da, guztiak ez datoz Broadwaytik. Testua bai, baina koreografia, eszenografia eta dancebreak berriak sortzen ari dira, eta zerotik sortzen ari dira. Hori egundoko erronka da. Azken finean, artista legez, energia mordoa eskaini behar diozu, baina aldi berean oso polita da hori horrela egitea, nigandik sortutako Marierrauskin bat izango delako; ez da inork eraiki duen zeozer errepikatzea. Aldi berean, nahiko beldur ere ematen dit. Inguruan profesional handiak ditut prozesuan zehar laguntzen didatenak, eta horrek lasaitu egiten nau.
50eko hamarkadan oinarritzen den Marierrauskin bat da.
Bai. Ezin dut askoz gehiago aurreratu, baina musikal batean inoiz izan den orkestrarik handiena izango da gurea. Hogei musikari izango ditugu zuzenean. Beti kontatu den istorio bat da, hori ere egia da, baina gauza batzuk aldatu egin dira. Gauza nahikotxo, esango nuke, baina ezin dizut hori baino gehiago aurreratu (barrez). Gizarteak aurrera egin ahala, istorioak ere aldatu behar dira. Orain ezingo genuke, eta ez dugu gura istorio matxista bat kontatu. Marierrauskin honek badaki zer bilatzen duen, eta horren alde lan egiten du. Ez du itxaroten.
Musikan, dantzan eta aktore lanetan trebatu zara. Zertan zabiltza erosoen?
Momentu honetan, abesten nabil erosoen. Gainera, oso eroso sentitzen naiz pieza honetako musikagaz; nire abesteko moduagaz bat dator. Bizitzako beste momentu batzuetan dantzan aritu naiz erosoen, baina orain abesten, eta, gainera, topera nabil kantua lantzen. Lanak bere fruituak ematen ditu. Ni Durangotik nator, eta ia inork ere ez nau ezagutzen, baina Marierrauskin papera egingo dut Madrilgo Coliseumean. Lan eginez eta ausardiaz ametsak betetzea lortzen duzu.
Baduzu Euskal Herrira bueltatzeko asmorik?
Oso gustura nago Madrilen. Euskal Herrian orain ez dago musikalik, eta uste dut ez dela egongo. Antzerki musikalean lehenengo mailan egon gura baduzu, Madrilera etorri behar duzu, nahitaez. Baina argi dut hemendik urte batzuetara bueltatuko naizela Euskal Herrira, antzerki musikalak nire bizitzan zein leku izango duen jakin barik ere.