Durangoko aurrekontuan zer proiektu ipini erabakitzeko ordua

Anboto 2025ko eka. 11a, 12:37

Durangoko herritarrek ekainaren 30era arteko epea dute aurrekontu parte hartzailean botoa emateko.

Durangoko Udalak bozketa epea zabaldu du, herritarrek 2026ko udal aurrekontuko 600.000 euro zelan erabili erabakitzeko. Proposamen guztiak partehartu.durango.eus atarian ipini dituzte kontsultagai, eta herritarrek hilaren 30era arteko epea izango dute botoak emateko. 

Proposamenak udalerriko sei eremutan banatuta daudenez, herritar bakoitzak sei boto eman ahalko ditu, bat gune bakoitzeko. Herritarrek egindako proposamenen artean honako hauek daude, besteak beste: San Rokeko eremuari dagokionez, Otamotzenan komun publikoa ipintzea edo Errotaritxuenan ur-txorrotak ipintzea; San Fausto aldean, bizikletentzako aparkaleku estalia edo kirol kantxak estaltzea; Landakon, tenis-pistako zoladura aldatzea edo Gallanda kalean txintxaunak ipintzea; Madalenan, bidegorria Muruetatorreraino zabaltzea edo estolderia garbiketak egitea; Erdialdean, Montevideoko bide segurtasuna hobetzea edo Juan Itziarren irisgarritasuna bermatzeko lanak egitea. Azkenik, Tabiran, autokarabanentzako gunea atontzea edo Intxaurrondon erabilera anitzeko kirol-kantxa ipintzeko proposamenak daude. Esan bezala, horiek denak proposamenetako batzuk baino ez dira. Guztiak kontsultatu gura dituenak Durangoko Udalaren parte hartze atarira jo dezake. Asier Perugorria partaidetza zinegotziaren berbetan, "garrantzitsua" da bizilagunek "beren ahotsa" izatea. Herritarrak deitu ditu aukeraketa prozesuan parte hartzera eta bozkatzera, "Durango hobea eraikitzen jarraitzeko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!