[EGITARAUA]: Munduko Arrozen Jaialdia zapatuan bueltatuko da Durangora

Anboto 2025ko eka. 11a, 07:00

2022ko jaialdia.

Arroza eta gastronomia aitzaki hartuta, Landako Gunea kultura aniztasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko gune bihurtuko da zapatuan. 11:00etatik aurrera.

Munduko Arrozen jaialdia bere 17. ediziora ailegatuko da zapatuan, Durangon. Herriko 20 elkarteren parte hartzeari eskerrak, Landako Gunea  aniztasuna, auzo-bizitza eta gozamen kolektiboa aldarrikatzeko gune bihurtuko da 11:00etatik aurrera. Antolatzaileek 800 lagun batzea gura dute, eta tailerrak, ekitaldi musikalak eta informazio-eremuak ipiniko dituzte, hori horrela izan dadin. 

Aurtengo edizioak Durangotik haragoko komunitateak salatzeko balioko duela iragarri dute antolatzaileek. Besteak beste Bilboko San Frantzisko, Otxarkoaga eta Uretamendi auzoko kideekin, eta Gasteizko Zaramaga auzotarrekin batuko ditu durangarrak. Era berean, baita Getxeko, Gernikako, Errenteriako, Irungo eta Burlatako herritarrekin batzeko ere. Lau helburu zehatz markatu dituzte saretze horri begira: "kaleak ostera ere hozamen kolektiborako berreskuratzea", "herritarren parte-hartzea sustatzea", "kulturartekotasuna ospatzea" eta hainbat euskal hiritako "auzoak lotzea".  Horretarako, "borroka komunak eta aldarrikapenak handiagotzeko" lan egingo dute, eta "auzoetako egunerokotasuneko arazoei aurre egiteko irtenbideak topatu".

Munduko Arrozen 17. edizio hau Zubiguneak tailer parte-hartzaileak antolatu du. Egitasmoaren atzean daude, halaberm Zabaltzen-Sartuko kideak, Durangoko elkarteak eta norbanakoak, baita  Dendak Bai, Cafés Baqué eta udala ere.

EGITARAUA

  • 11:00 Aurkezpena
  • 11:15 Tailerrak Inurri Skaut, Larrasoloeta Xake Taldearen eta Durangaldeko Artisten Elkartearen eskutik.
  • 12:00 Ghanako txarangaren emanaldia
  • 13:00 Batudamak
  • 14:30 Herri bazkaria
  • 15:30 Kafea eta bizkotxoak Cafés Baquéren eta Oinarrizko Lanbide Heziketako kideen eskutik.
  • 16:00 Musika jartzailea
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!