Karmele Elexpe, ETB1eko 'Dagoenean bon-bon' saioan

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 10a, 15:00

Karmele Elexpe gozogilea eta Armintz Gorrotxategi aurkezlea, saioa filmatzen.

Euskal Telebista gozogintzari buruzko saio berria prestatzen dabil eta iurretarrak bertan parte hartuko du.

Euskal Telebista Dagoenean bon-bon saio berria prestatzen dabil eta ataletariko batean Gozatuko Karmele Elexpe gozogileak parte hartuko du. Telebista saioko lantaldea Durangon egon zen maiatz hasieran, grabazio lanak egiten. Andra Mari kalean ipini zuten filmaketako set-a. Mahaiaren bueltan, aurpegi ezagun bi: Armintz Gorrotxategi aurkezlea batetik, abizen bereko gozogileen familiako belaunaldi gaztea, eta Karmele Elexpe, bestetik. Grabaziokoa "oso esperientzia polita" izan zela esan du Elexpek. "Armintz ezagutzea ederra izan zen eta filmazio kontuak ederto batean joan ziren. Gure gozotegiko Mani&Coo pastari buruz berba egin genuen, baita gure etxeko beste hainbat sorkuntzari buruz ere, hala nola Durangoko txapelei buruz", gaineratu du Elexpek. 

Dagoenean bon-bon saioaren atzean Digytal ekoiztetxea dago. Enpresa hori dabil ETBrentzako saio berria grabatzen, eta Andoni Etxeandia du produktore exekutibo. Berak iragarri duenez, "ETB irailean hasiko da saioa emititzen, eta 13 atal izango ditu". Atalik atal Euskal Herria zeharkatuko dute, bazter bakoitzeko gozogintza zein postreak ezagutarazteko. Halaber, gozo horien atzeko istorioak eta Euskal Herriko udalerriak zein ibarrak erakutsiko dituzte Durangoko Bideografik ekoiztetxea bidelagun dutela. Gastronomia saioak ez zaizkio arrotz egiten Digytal ekoiztetxeari. Izan ere, ETB1eko Joseba Argiñano Sukalerrian eta ETB2ko A Bocados saioak, adibidez, ekoiztetxe horrek egiten ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!