Merezitako omenaldia egin zizuten joan zen astean. Zelan hartu zenuen?
Pozarren eta hunkituta. Ni ez naiz negar egitekoa, baina oilo-larrua jarri zitzaidan.
Dantza eskolak ematen dituzu.
Bai, helduentzako dantza eskolak ematen ditut. Hiru taldetan banatuta, 75 bat ikasle ditut. Plazako dantzak eta fandagoa eta arin-arina irakasten ditut. Orain 18 bat urte hasi nintzen irakasten. Kriskitinen belaunaldi berriak hartu du erreleboa gazteei erakuste: Jaione, Nagore, Irati, Itxaso, Maider, Izaskun, Oier eta Jon.
Oraindino erakartzen dute euskal dantzek?
Bai. Batzuek urteetan jarraitzen dute. Gainera, lantzean behin taldeko dantzaren bat irakasten diet; Ingurutxoren bat dantza esate baterako, eta jendaurrean dantzatzen direnak.
Zelako irakaslea zara?
Nahiko exijentea. Batzuetan iruditzen zait akatsak baino ez ditudala nabarmentzen (barrez). Baina noizean behin gogoratzen naiz ondo egin dutela esateaz. Oso talde politak sortu dira. Gustura etortzen dira, lagun berriak sortzen dira.
Noiz hasi zinen dantzan?
14 urtegaz. Tronperrin 10 urtez dantza egin nuen. Irakatsi ere egiten nuen, taldea utzi nuen arte. Tronperri dantza taldeak 25. urteurrena ospatu zuenean berriro elkartu ginen denok, eta nagusien dantza taldea sortzea pentsatu genuen. Halantxik sortu zen Kriskitin, 1987an. 14 bat urtez dantza egin barik egon eta gero, garai bateko ilusioagaz hasi nintzen berriro. Taldean denok ginen 40 urte bueltakoak.
Harrezkero, Kriskitinen ibili zara?
Bai, orduango hiruk jarraitzen dugu. Juan Antonio Aroma txistularia da bat. Bere laguntza behar dugun guztietan etortzen da, jubilatuta dagoela dioen arren. Pili Alberdi Kriskitineko presidentea eta arropen arduraduna da bestea; eta ni neu hirugarrena, diruzaina.
Zelan gogoratzen duzu Kriskitin dantza taldearen sorrera?
Ilusino handiagaz hasi ginen. Dantza egiteko gogoa genuen, eta seme-alabak koskortzen hasita genituen. Batzuetan laguntzera etortzen ziren gugaz. Saio mordoa egiten genuen. Hainbat lekutan dantza egin dugu: Frantzian, Grezian, Galizian, Herrialde Katalanetan, AEBetan... Fandangoa eta arin-arina erakusten ere hasi ginen, garrantzitsua iruditzen zitzaigulako jendeak sueltoan dantza egiten ikastea. Apurka-apurka taldea uzten joan dira asko. Orain gazteak eta umeak dabiltza dantzan.
Noiz arte jarraituko duzu dantzan?
Ahal dudan bitartean jarraituko dut. Baina orain trankilago nago dantza eskolak uzteko, Pili Arrazolak laguntze dit eta.