[ARGAZKI GALERIA]: Maristak ikastetxeak eskerroneko aitortza egin dio Orbea enpresari

Ekaitz Herrera 2025ko eka. 5a, 13:05

Maristak ikastetxeko Lanbide Heziketako bigarren mailako 200 ikasle lan-munduan barneratuko dira bihartik aurrera. Gaur jaso dute gradu amaierako diploma, zentroko patioko ekitaldian. Ikastetxeko arduradunek ikasle-praktikariak harreran hartzen dituzten enpresa guztiak eskertu dituzte. Aurten, aitortza berezia egin diote Orbeari. 

Lanbide Heziketako bigarren mailako ikasleek gaur amaitu dute ikasturtea, eta euretariko asko lan-munduan barneratuko dira bihartik aurrera. Maristak ikastetxean, adibidez, 200 ikaslek amaitu dituzte prestakuntza-saioak, eta diploma-emate ekitaldia izan dute gaur ikastetxeko patioan. Aurtengo ekitaldia berezia izan da, ikastetxe durangarra bere 120. urteurrena ospatzen dabil-eta. Daniel Irazola zuzendariak azaldu duenez, urte horietan guztietan 20.000 bat ikasle prestatu dituzte ikastetxean: "Enpresak pertsonetan oinarrituta daude, eta, horrenbestez, zuek, ikasleak, zarete gure indargunea. Eta ez bakarrik arlo profesionalari dagokionez, baita pertsona modura ere", azaldu die Irazolak ikasleei. Azken horietariko askok, bihar bertan sinatuko dituzte beren lehenengo lan-kontratuak Durangaldeko enpresetan. 

Eguerdi honetako ekitaldia, baina, ez da hor amaitu. Urtero legez, zentroko arduradunek ikasleak praktikan hartzen dituzten eskualdeko enpresak eskertu dituzte. Aurten, Mallabiko Orbea enpresari egin diote eskerroneko aitortza, ikastetxeak eta enpresak hiru urte egin dituzte-eta lankidetzan. Orbeako Olga de Miguel Giza Baliabideetako zuzendariak hartu du saria, eta sektorea, etorkizunera begira, handitu egingo dela iragarri du: "Hirien arkitektura aldatzen dabil, mugikortasun-ereduak aldatzen dabiltza, eta guk, horrenbestez, erronka horiei aurre egin ahal izateko profesional onak behar ditugu", adierazi du. Hor kokatu daiteke, hain zuzen ere, Durangoko Maristak ikastetxeak bizikletak muntatzeko eta prestatzeko daukan erdi-mailako espezializazio gradua. Ikastetxeak eta Orbeak hiru urte daramatzate lankide izaten. 

"Lehiakortasuna"

Ekitaldian parte hartu duen beste hizlarietako bat Asier Aloria izan da, Confebaskeko  hezkuntza eta talentu zuzendaria. Aloriak Lanbide Heziketaren garrantzia azpimarratu du, eta nabarmendu du euskal enpresen sarea ezin dela ulertu formakuntza-mota hori barik. Gainera, "gaur egun, industria arloko enpresetan gehien eskatzen den prestakuntza profila, % 65, Lanbide Heziketako ikasleena" da, Aloriaren berbetan. Horrek enpresen lehiakortasunari mesede egiten diola jakinarazi du, eta Euskadi Lanbide Heziketako erreferente gisa kokatzen duela gaineratu. Halaber, Confebaskeko kideak "ezinbestekotzat" jo du enpresen eta Lanbide Heziketako zentroen arteko "elkarlana".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!