Taldea Kurutziaga, Landako, San José Jesuitak, San Antonio, Zabalarra eta Nevers ikastetxeetako ikasleek osatzen dute, eta udalerriaren inguruko diagnostiko zehatza egin dute, hainbat gai garrantzitsuren inguruan, hala nola udalerriko espazioen hobekuntza, migratzaileekiko harremanen zaintza eta pertsonen arteko harreman osasungarriak.
Umeek egindako proposamenen artean, ingurune osasungarri eta irisgarriak sortzea, eta jolasteko zein gozatzeko espazioak sortzea daude. Adibidez, Durango Tour izeneko ibilbidea sortzea proposatu diote udalari, Durangora bizitzera datozen pertsonei udalerriko espazioak ezagutzen eta gozatzen laguntzeko. Proposamen horiek bideratzeko lanak elkarrekin egingo dituzte Udalak eta umeek. Mireia Elkoroiribe alkateak eta udal ordezkariek konpromisoa hartu dute proposamen horiek udal politiketan txertatzeko eta gauzatzen direla ziurtatzeko.