Durangoko Udalak ordenantza berri bat egingo du udalerriko eremu publikoetan alkoholaren kontsumoa arautzeko asmoz. Hori dela eta, herritarrak deitu ditu galdeketa batean parte hartzera. Kontsulta publikoaren helburua gaiari buruzko iritziak eta ekarpenak jasotzea dela esan du udalak, eta azpimarratu du arau berriaren asmo nagusia "herritarrei eragozpenik ez eragitea, orden publikoa zaintzea, osasuna babestea eta espazio publikoa garbi eta seguru matentzea" izango dela. Era berean, ordenantza berriak "herritarren elkarbizitza eta ongizatea hobetzeko beharrizanari" erantzuten diola nabarmendu dute.
Arau berriaren bidez, hainbat arazo "konpondu" gura ditu udalak. Honako hauek zerrendatu ditu garrantzitsuenen artean: bide publikoan alkohola baimenik gabe kontsumitzeak sor ditzakeen eragozpenak, zarata, zikinkeria, bizilagunen atsedenaren nahasmendua eta hiri-ingurunearen narriadura. Udalak berretsi duenez, "beharrezkoa da alkohola kontsumitzeko arauak eta zigorrak argi arautuko dituen esparru bat ezartzea", era horretan, bizikidetza hobetu eta "espazio publikoarekiko errespetua" sustatzeko.
Durangarrek ekainaren 17ra arteko epea izango dute kontsultan parte hartzeko. Erantzunak zein ekarpenak udalak prestatutako atarian egin daitezke.