Bovedak "bere harrobiko proiektuaren ildo nagusiak eskainiko ditu aurrerago, gaurtik aurrera martxan jarriko den lantaldearekin", jakinarazi du Athleticek bere webgunean.
Bilbon Ingeniaritza ikasketak egin eta Futbolean Goi Mailako Kirol Teknikari graduatua izanik, Bovedak (36 urte) "funtsezko" rola bete du 2022ko abuztuaz geroztik futbol profesionalaren eta 23 urtez azpikoaren kaptazioan, eta azken bi denboraldietan Bilbao Athleticen koordinazio lanetan aritu da.
Durangarrak 17 urteko lotura du Athleticekin, etapa desberdinetan: beheko mailetan lehenengo, profesional mailan ondoren eta kirol zuzendaritzan azken hiru urteetan.
Futbolari moduan 2008/09 debutatu zuen lehen taldearekin, Joaquin Caparrosen aginduetara. 2011/12 denboraldian SD Eibarrera joan zenean, atzelariak maila bikaina eman zuen lau denboralditan, eta, ondorioz, Athletic Clubera itzuli zen. Orduan, Ernesto Valverde buru zela, bere lorpen bakarra eskuratu zuen, 2015eko Superkopa, FC Barcelonaren aurka, bi partidak jokatuz. Guztira 71 partida jokatu zituen RC Deportivok fitxatu aurretik, eta bertan hiru denboraldi eta erdi eman zituen. Zipreko Olympiakos Nicosia FC taldean amaitutzat eman zuen bere ibilbidea eta, erretiroa hartu bezain laster, Lezamara itzuli zen, orain erantzukizun handiagoarekin jarraitzen duen abenturari ekiteko.