Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak, DAFAk, kontzentrazioa egin zuen atzo arratsaldean, joan zen maiatzaren 30ean, Bilbon, gizon batek alaba hil eta ama zauritu zuelako bere buruaz beste egin aurretik. "Babes eta elkartasun osoa" adierazi zieten biktimen senide, lagun eta gertukoei, eta indarkeria matxistagaz "nazkatuta, nekatuta eta haserre" zeudela gaineratu. Protesta ekitaldian adierazi zutenez, Bilbokoa "ez da hilketa isolatu bat, ez da tragedia puntual bat, sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria baizik". "Oraingoan adin txikiko neska baten erailketaz ari gara eta honek bereziki larria bilakatzen du kasu hau. Zalantzarik ez dugu, biolentzia bikarioa ere indarkeria matxista da", gaineratu zuten.
Halaber, Euskal Herriko edozein txokotan gertatzen diren hilketa matxista guztiak salatzen jarraituko dutela gaineratu zuten: "Jakin badakigu, erailketa matxistak indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak direla". Autodefentsa feministarako deia egin zuten, eta jarrera konplizeak alboratzera deitu zituzten herritarrak.