[AURRERAPENA] "Iragana eta gaur egungoa zaindu egin behar dira, baina datorrenari adi egonda"

Anboto 2025ko eka. 2a, 17:22

Maiatzaren 25az geroztik, Gerediaga Elkarteko lehendakaria da Gotzon Gomez. Bi hamarkada baino gehiagoz elkartearen aurpegi ezagunena izan ostean Nerea Mujikak lehendakaritza utziko duela iragarri zuten urteroko batzar nagusian. Haren lekukoa Gotzon Gomezek jasoko du. Lehendakariordea, ostera, Asun Elorriaga izango da. Ekainaren 14an, Gerediaga Elkartearen sorreraren 60. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute. "Ospakizuna ere izango da, noski; batzuetan, jendeak beldurra du ospakizunetarako, baina elkarte batek 60 urte betetzea pozgarria eta ospatu beharrekoa da. Gainera, Nerea Mujikari beharrezkoa ikusten dugun omenaldia egiteko aukera bikaina ere bada". Barikuko ANBOTOren alean irakurri ahalko da elkarrizketa osoa. 

Zelakoa izan da kargu aldatzea?

Gerediaga auzoko foru-zelaiko ekitaldia oso hunkarria izan zen. Alde batetik, Nerea Mujikak 22 urte egin dituelako lehendakari legez, eta hori erraz esaten da, baina ez da errez egiten. Bestalde, Nerea nire irakaslea izan zen unibertsitatean, eta berak animatu ninduen Gerediagan sartzera eta zuzendaritzara beranduago. Beraz, bere lekukoa hartzean bere ibilbidea gogoratzeko eta omenaldi txikitxoa egiten aprobetxatu nuen, eta ni ere hunkitu egin nintzen. 22 urte lan asko da, denbora asko arduran egoteko. Hiru ekarpen oso garrantzitsu egin dituela iruditzen zait. Alde batetik, junta sendo bat sorrtzea eta bertan belaunaldi desberdinak batzea. Bestetik, eskualde ikuspuntua indartzea, Durangaldea ez dela Durango bakarrik erakustea, beste herriek ere berezitasunak dituztela erakustea. Azkenik, Durangoko Azokak gaur egun duen tamaina izateko lidergoa berak eraman du. Niri bertigo pixka bat ematen dit, gauzak oso ongi egin dituelako eta maila altua jarri duelako, baina ahal duguna egingo dugu eta eutsiko diogu mailari.

Orain, erronka nagusia ondareari eustea da. Alde batetik, ukigarria dena, eraikinak, adibidez, baina ageri ez direnak ere zaindu egin behar dira. Helburu horrekin sortu zen, hain zuzen ere, Gerediaga duela 60 urte. Iragana eta gaur egungoa zaindu egin behar dira, baina etorri daitekeenera ere adi egon behar da.

Asun Elorriaga izango duzu alboan.

Asun moduko pertsona bat alboan izateak konfiantza eta lasaitasuna ematen dizkit. Urte asko darama barruan, eta beste hainbat arlotan ere ibilbide luzea egin du, Hizkuntza Eskolako zuzendaria izan zen adibidez, eta literatura zaletasun handia du... Asko dakien pertsona bat da; ez bera bakarrik, Gerediagan daramatzadan urteetan asko ikasi dut.

Belaunaldi aldaketa ematen ari da Gerediagan.

Argi dago bide honetan aitzindari izandakoak sekulako lana egin zutela, baina transmisio bat egon behar da, erreleborik ez badago, hil egingo delako. Ekainaren 14ko ekitaldia ere hortik doa. Hunkigarria izango da, ibilbide osoa jasoko duena. Bidea hasi zuten Gerediagako kide horiek gogoratzeko ere baliagarria izango da. Atzera begiratze horrek, bertigo pixka bat ere ematen du, ikusita lehenengo Liburu eta Disko Azoka zena, gaur egungo Durangoko Azoka bihurtu dela ikusita. Erronkak handitzen doaz, baina pozgarria ere bada. Funtsean ospakizun bat da, eta ematen du batzuetan beldurra ematen duela ospatzeak, baina 60 urteko ibilbidea ospatzekoa da. Sortzaileetako batzuk, adinagatik, joan dira, eta gutxienez daudenei, omenaldia egiteko modua ere bada. Hamarkada hauetan pertsona piloa igaro dira elkartetik, euren denbora eskaini diotena. Durangoko Azokaren 60. urteurrenari hasiera emango dio ekitaldi honek nolabait.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!