"Udalekuak esperientzia berriak eta euskaraz bizitzeko lekua dira"

Aritz Maldonado 2025ko mai. 31a, 10:25

Ainhoa Zubizarretak bost urte daramatza Berbarok antolatzen dituen Ibiltari Handiko koordinatzaile lanetan. "Ikusten ez den lan zati handi bat dagoela ikusi dut urteotan. Gazte, begirale eta koordinatzaile legez asko ikasi dut, eta asko disfrutatu ere bai", azaldu du Zubizarretak. 

Zelan doaz udalekuetako prestaketa lanak?
Apiril amaieran osatu genuen taldea eta orduan egin genituen lehenengo bilerak. Hor hasi ginen elkar ezagutzen, programaziorako ideiak biltzen, ekintzak diseinatzen eta lo lekuak finkatzen, besteak beeste. Ibilbidea osatzen duten etapetako egunak ere zehaztuta ditugu, aurretik egiten baititugu, udalekuetarako ibilbideak aurretiaz ezagutzeko. Orain talde txikitan banatu gara, ardurak banatu eta egun bakoitzerako egitarauak prestatzeko. Sukaldariak menuak aukeratzen dabiltza. Bestalde, Berbaroko begiraleok formakuntza jasotzen ere bagabiltza. Guk geuk proposatzen ditugu formakuntza saiook; aurten, adibidez, lehen sorospen eta emozioen kudeaketa formakuntzak jasotzen ari gara.

Aurreko prestaketa lana ala udalekuetako egunetako lana, zein da gogorragoa?
Udalekuetara dena ondo prestatuta eta lotuta eramatea, gero bertan ahalik eta lasaien egon ahal izateko. Garrantzitsua da aurretik dena ondo lotuta eramatea. Etapak, programazioa, gazteen alergiak eta bestelakoak... Asko dira kontuan hartu beharrekoak, eta horiek lotuta eramateak asko errazten du geroko lana. Gero, lan karga urtearen araberakoa ere izaten da. Orain arteko batzuk oso udaleku lasaiak izan dira, eta beste batzuetan ezusteko mordoa izan dugu; inoiz ospitalera ere egin dugu bidaiaren bat edo beste. Lan gehiago edo gutxiago izan, aurreko prestaketak garrantzi handia duela iruditzen zait, eta hasierako lanordu dezente horiek ondo eskertzen dira udalekuetako egunak lasaiago igaro ahal izateko. Horrek asko errazten du dena martxan gaudenean, bai begiraleen aldetik bestelako dinamikak egin ahal izateko, eta baita gazteen aldetik ere, eurek proposamenak egin ahal izateko. 

Zenbat jende dago Ibiltari Handiko lantaldean, adibidez?
Ibiltari Handiaren kasuan, ni koordinatzailea naiz, eta bulegoan logistikaz arduratzen den Berbaroko langile bategaz koordinatzen naiz. Gutaz gainera, bost begirale eta praktikak egiten dabiltzan hiru ditugu aurten. Sukaldari bi ere etorriko dira, eta, printzipioz, 60 gaztek parte hartuko dute udalekuetan. 

Zeintzuk izaten dira gazteei gehien gustatzen zaizkien ekintzak?
Nire esperientziagaitik esan dezaket herri txikiagoetan beste gozotasun bategaz hartzen gaituztela, eta gazteen aldetik ere erraztasun gehiago izaten dutela bertakoekin harremandu eta herriaz gozatzeko. Adibidez, urtero egiten dugun ekintzetariko bat Superbibentzia Eguna da; gazteek herriagaz eta herritarrekin duten hartu-emana sustatzea da honen helburua, eta, beraz, gazteak dendarik denda eta etxerik etxe joan behar izaten dira proba azaltzen. Janari edo produkturen baten trukean, zereginen bat eskaintzen diete herritarrei. Ekintza bereziak ere egiten ditugu: abentura parkeak, paintballa, kayaka... Aurten ez dugu hondartzarik zapalduko, eta, beraz, igerileku egunak ere eskertuko ditugu, lasai egoteko. 

Zuk zer gogoratzen duzu udalekuetatik? 
Uda heltzeko gogoz egoten ginen. Udalekuetako asteak udako onenetarikoak ziren. Ikasturtearen ondoren, deskonektatzeko balio zuten, eta herri eta jende mordoa ezagutu nuen oroitzapena dut. Gaur egun ere herri galdu horietatik pasatu eta ibiltarian egon nintzela akordatzen naiz, eta horrek badu bere xarma.

Zelan aldatu dira udalekuak urteotan?
Udaleku baten atzean dagoen lan guztia ikusi dut urteotan, gaztetan joaten nintzenean ikusten ez nuena. Eta orain, koordinatzaile lanetan, begirale lez ikusten ez nituen kontu batzuk ere ikusten ditut. Azken finean, prestaketa lan horrek guztiak lan handia dakar, azaletik ikusten ez dena. Koordinatzaile lanetan, gazte taldeenaz gainera, begiraleen ardura ere hartzen duzu. Hiru ikuspuntuetatik asko ikasi dut, eta gozatu ere asko.

Zer dute Berbaroko udalekuek hainbeste gazte batzeko?
Begirale mordoa dago, denak motibazio edo iniziatibaz beterik. Hainbat jarduera egiten da eta gazte askok lehendik elkar ezagutzen dute, gainera, Durangoko ikastetxeetatik zein beste leku batzuetatik: Bergaratik eta Andoaindik, adibidez. Udalekuek irauten duten egunak deskonekxio egunak dira, lagun eta leku berriak ezagutzeko zein esperientzia berriak bizitzeko, baina baita euskaraz bizitzeko ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!