Durangoko Udalak ia 2.820.000 euroko kreditu aldaketa onartu du azken udalbatzarrean. Trenbide zaharra Bide Berde bihurtzeko azken obrei aurre egiteko izango da diru kopururik handiena; 1,2 milioi euro, hain zuzen ere. Horrez gainera, Tabirako igerilekuen lanekin hasteko dirua lotu dute. Batetik, Tabira kirolgunea eraitsiko dute (300.000 euro) eta, bestetik, Tabirabiden dagoen transformazio elektrikoko zentroa lekuz aldatuko dute (320.000 euro). Bi horiek dira zenbatekorik handienak, kaleak asfaltatzeko (400.000 euro) lotu den diru kopuruagaz batera.
Beste hainbat proiektugaz aurrera egiteko ere bideratuko da dirua aurrekontura. Besteak beste, San Faustoko Kapitanena baserria eraberritzeko proiektua idazteko eta zuzendaritza fakultatiborako (100.000 euro) eta Durangaldeko Mankomunitateari egindako ekarpenetarako (232.322 euro) lotu da kreditua. Kultur inbertsioei aurre egiteko eta udal taldearen errefortzurako ere gorde dute dirua.