Hiru taldetan musikari legez, eta horrez gainera zure eguneroko lana. Zelan uztartzen duzu dena? Erraza da agendak koadratzea?
Astean zehar irakaskuntzan zentratuta egoten naiz eta asteburuetan kontzertuak izaten ditugu; kontzertu guztiak asteburuetan izaten ditugu. Udan, ostera, askoz ere malguagoa izaten da kontua. Kontzertuei dagokienez, hiru taldetan ibilita, lehenengo data lotzen duenagaz joaten naiz, eta behar izaten denean ordezkoengana jotzen dugu. Ni ere horrela aritzen naiz beste talde batzuetan, ordezko legez. Alde horretatik, antzera samar gabiltza denok.
Aste batzuk baino ez dira falta udan sartzeko. Zelakoa izaten da uda sasoia musikari batentzat?
Nire kasuan, alde batetik, uda garai ona izaten da, kontzerturik gehien orduan izaten dut eta. Baina, bestetik, uda zoramen handiko sasoia izaten da guretzat. Ekainean kontzertu mordoa izaten dugu eta hile horretan irakasleok lan handia dugu, ikasturte amaiera da eta. Sasoi hori zoramena izaten da. Baina kontuan hartuta irakasleon egutegia oso ona izaten dela, eta uztailean eta abuztuan oporrak ditudala, hile bi horietan kontzertuetan zentratzeko aukera ere izaten dut.
Zer aurreikuspen duzu udarako?
Beste urte batzuetan uztaila eta abuztua potenteagoak izan direla esango nuke. Baina, hala ere, ekainean hainbat kontzertu dugu, eta hiru hilean 20 bat kontzertu ditudala uste dut. Gainera, kontzertu asko kanpoan dira, eta asko bidaiatzea tokatuko zait.
Asko bidaitu behar duzula diozu. Musikari eta artisten lana sarritan idealizatu egiten dela esan daiteke? Azken batean, zuek denbora mordoa pasatu behar izaten duzue errepidean.
Ez da horren ideala, baina ezta horren txarra ere. Ni, esaterako, Andaluzian zortzi bat bider egon naiz kontzerturen bat ematen, eta ez dut ezertxo ere ikusi. Gain-gainetik ikusi dut, eta askotan furgonetako leihotik. Asko bidaiatzen dugu, baina, nire kasuan behintzat, ez dut astirik izaten turismoa egin eta herriak eta hiriak ezagutzeko. Kilometro horiek guztiek asko nekatzen dute.
Kilometroek nekatu egiten dute, baina gustura egiten dituzue?
Taldean giro ona badago, furgonetako orduak oso arin joaten dira.
Eszenatoki txiki zein handietan jotakoa zara. Baita Donostiako Jazzaldia festibaletan ere, adibidez. Zelako esperientzia da halako leku batean jotzea?
Jende mordoa batzen duen ekimena da. Musikari legez, eszenatokira igo eta hondartzako pasealekua jendez lepo ikustea itzela da. Baina, egia esan, Donostiakoa " sentsazio apur bat faltsua" ere bada, gero urtean zehar ia ez delako beste ezer egoten. Baina udako festibal hau itzela da.
Jazz musika asko zabaltzen dabil eta festibaletan entzuteaz gainera, herriko jaietako kontzertuetan ere entzuten da. Jaiak genero musikal desberdinetara zabaltzen eta moldatzen dabiltzala esango zenuke?
Baietz esango nuke. Festibal txiki pilo bat egiten hasi dira orain, eta sarritan jaien barruan sartzen dituzte. Esango nuke jaietan ere hasi direla jende gehiagorengana heltzen eta gustu ezberdineko ekintzak antolatzen; hau da, musika estilo desberdinetako programazio txikiak antolatzen. Ez dakit ezer aldatzen dabilen ala kointzidentzia bat den.
Zer duzu gurago jotzeko, festibal handi bat ala herriko plaza bateko edo taberna zulo bateko kontzertu bat?
Bakoitzak bere xarma du. Festibal handi batean, eszenatoki handi batean, izugarri disfrutatzen dut isats-pianoa jotzen. Soinuaren kalitatea gozamen hutsa da. Baina horrelako lekuetan publikoa ilunetan egoten da eta ez da ezer ikusten. Alde horretatik, hotza ere izan daiteke. Taberna batean, ostera, guztiz desberdina izaten da. Egia esan, aspaldi ez dut taberna batean jo, baina oso desberdina da, bai. Nik estilo diferenteetan jotzen dut; esaterako, Mississippi Queen rock-soul talde bat da, eta publikoa guztiz desberdina da. Baina alde biek dute xarma.
Urte askoan erromerietan ere ibilitakoa zara. Igartzen duzu horien falta?
Egia esan, ez (barrez). Orain urte asko ibili nintzen horretan. Oraintsu ere jo izan dut horrelakoren batean, norbait ordezkatzeko deitu didatelako, udako kontzerturen batean edo. Baina hurrengo egunean damutu egin izan naiz. Oso gogorra da, ordutegi aldetik, batez ere. Ni neu kontzertuak goiz ematera nago ohituta, eta askotan afalordurako erdi libre egoten naiz. Erromerien kasuan ez da horrela. Inoiz 05:00etan ere amaitu izan dut, Nafarroan. Gogorra da gero dena batu eta etxera bueltatzea.
Musikari lanetik bizitzea ez da erraza izango. Gustura zaude orain dituzun proiektuekin?
Beti esaten dut zorte handia dudala, daukadan lana asko gustatzen zaidalako, bai klaseak ematea eta baita kontzertuak ematea ere. Orain, hiru taldetan jotzen dut, eta deitzen didaten besteren batean ere aritzen naiz lantzean behin, baina betiere nik aukeratutakoetan. Gaur egun, neuk aukeratzen dut neure lana. Sasoi batean, hamar bat taldetan ibili nintzen, eta apurka murrizten joan naiz. Gustura nabil horrela, geratu barik, gura dudana egiten.