Durangoko Udalaren berbetan, aitortza egin berriak liburutegiak "kultura berrikuntzarekin, ezagutza eskuratzearekin eta euskararen sustapenarekin" daukan konpromisoa adierazten du. Izan ere, saritutako proiektua Bizenta Mogel Bidaiak Biblioteka: jakintza eta esperientzien mundu oso baterako sarrera izan da, "biblioteka esperientzia tematiko, murgiltzaile eta gizatiarrez beteriko gune" bihurtzen duena: irakurketa-klub espezializatuen, tailerren, hitzaldien eta adituekin egiten diren topaketen bidez, bibliotekak erabiltzaileak jakintzaren hainbat arlo modu sortzailean eta parte-hartzailean aztertzera gonbidatzen ditu. Gainera, sariak Bizenta Mogelek euskararen sustapenean eta normalizazioan egindako lan eredugarria aitortzen du.
Atzoko ekitaldian, Mireia Elkoroiribe alkateak eta Bibliotekako Esti Albizu arduradunak parte hartu zuten: “Durangon ez dugu biblioteka leku isil eta estatiko gisa ulertzen, baizik eta bizitzaz, mugimenduz, topaketaz eta ikaskuntzaz betetako espazio gisa”, adierazi dute ordezkari biek. Era berean, bibliotekako talde osoaren eta Astarloa Kulturgintzako lehendakari Paule Sanchezen lana ere eskertu zuten. Liburutegiko zuzendaritzak ere eskerrak eman dizkie arrakasta hori posible egiten duten guztiei: “Sari hau zuen guztiona da. Zuek zarete gure bibliotekaren gidari eta gure barnetik sortzen diren jarduerak antolatzen jarraitzeko inspirazioa”, esan dute.