197 pertsonek eman dute izena Birijinosteko udal etxebizitza tasatuetarako

Anboto 2025ko mai. 27a, 11:43

Durangoko Birijinoste auzoan eraikitzen ari diren 22 udal-etxebizitza tasatuak esleitzeko izena emateko epea maiatzaren 28an, bihar, amaitzen da. Esleipen-prozesua zozketa publiko bidez egingo da.

197 pertsonek egin dute eskaria Durangoko Birjinoste auzoan eraikitzen ari diren 22 udal-etxebizitza tasatuetariko bat lortzeko. Etxebizitza horietako bat eskuratzeko esleipen-prozesua zozketa publiko bidez egingo da, eta izena emateko epea maiatzaren 28an amaitzen da. Durangoko Udalaren erregistro elektronikoaren bitartez edo Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) eman daiteke izena.

Logela bateko etxebitza bat, bi logelako bederatzi eta hiru logelako hamar ari dira eraikitzen Birjinosten. Horrez gain, mugukortasun urri iraunkorra duten pertsonentzako egokitutako beste bi etxebizitza eraikiko dira —horiek eskuratzeko eskaririk ez balego hiru logelako etxebitza bihurtuko dira— . Guztiek dute trastelekua eta garajea, udal arduradunek jakitera eman dutenez. Salmenta erregimenean esleituko dira, eta kalifikazio iraunkorreko etxebizitza babestua izango da, udal arduradunek argitu dutenez.

Etxebizitza horietako bat eskuratzeko adinez nagusia izan behar da. Azken urte bian jabetzan etxerik ez izatea ezinbesteko baldintza da izena emateko; baita urtean bizikidetza-unitatearentzat 15.000 eta 50.000 euro arteko diru-sarrerak izatea ere. Udal ordezkariek gaineratu dute Durangon erroldatutako daudenei lehentasuna emango zaiela (gutxienez urtebete azken urtean edo hiru urteak azken bost urtean). Durangon lan kontratua duten pertsonei ere lehentasuna emango zaie.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!