Palestinako sarraskia gelditzea eskatuko dute Durangon

Anboto 2025ko mai. 27a, 10:02

Durango-Palestina dinamikak deituta, maiatzaren 29an batuko dira Andra Marian, 19:30ean, elkarretaratzea egiteko. 

Azken egun eta orduetan, Israelek etenik barik areagotu ditu erasoak Gazan, ustezko "posizio terrostak" jo-puntuan dituela justifikatuta. Eskolak eta ospitaleak eraso ditu, besteak beste, ustez, horietan, Hamaseko kideak zeudela argudiatuta. Era berean, Rafah hiria ebakuatzeko ere agindu du Israelek. Bien bitartean, Gazan harrapatutako palestinarrek krisialdi humanitarioa bizi dute. Laguntza humanitarioa nekez sartzen da barrura, gobernu israeldarrak hainbat biderrez blokatu du-eta horren sarbidea. Era berean, Israelek nazioarteko ordezkaritza diplomatikoari ere egin dio eraso egunotan. Azken orduetan, Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak Zisjordania ere batuko duela iradoki du, Frantziak eta Erresuma Batuak estatu palestinarra errekonozitzen badute.

Egoera hori guztia salatzeko, Durangon kalera irtengo dute eguen arratsaldean. Durango-Palestina dinamikak deituta, herritarrak Andre Marian kontzentratuko dira 19:30ean, sarraskia geraraztea eskatzeko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!