Durangoko Euskal Jaia zesta punta txapelketa azken txanpan sartu da. Maiatzaren 31n lehenengo finalerdia jokatuko da: Gaizka Garat-Salaberry / Martin-Unda. Bigarren finalerdia ekainaren 1ean da: Javier Urrutia-Oierdi / Amets-Atain. Partidu biak 17:30ean hasiko dira.
Javier Urrutia Toledoko pilotari gazteak eta Oierdi gernikarrak joan zen zapatuan lortu zuten finalerdietarako txartela, Zumaiako Egaña-Urtea bikotea mendean hartuta. Lehenengo setean min hartuta ibili ziren zesta-puntariak. Hasi bezain laster Egañak orkatila bihurritu zuen; Oierdiri beste hainbeste gertatu zitzaion seteko azken tantuan. Pilotari gogorrak dira eta partidua amaitu arte jarraitu zuten.
Txapelketako partidurik onena
Domekako final laurdenean txapelketako partidurik onena ikusi zuten Ezkurdi Jai Alai pilotalekura batutakoek. Amets-Atain bikotea sufrituta sailkatu zen Leke-Argoitia bikotearen aurka. Lehenengo seta 14-15 galduta, kanporaketari buelta eman zioten hurrengo bietan: 15-9 etas 5-3. Lau zesta-puntariak oso maila handian aritu ziren.