BIBE Transbizkaia martxa Durangon hasi eta Urkiolan amaituko da domeka honetan

Anboto 2025ko mai. 27a, 09:30

Ia 1.000 zikloturistak parte hartuko dute aurtengo zortzigarren aldian.

Datorren domekan, ekainak 1, zortzigarren aldia beteko du Iraupen Luzeko BIBE Transbizkaia zikloturista probak. Iraupen Erdiko proba ere egingo dute. Urtero legez, Durangoko Landako Gunetik abiatu dira, 08:00etan, eta helmuga Urkiolako Santutegian izango dute. Ia 1.000 parte hartzaile batuko dira, antolatzaileek ohar batean zehaztu dutenez.

Iraupen Luzeko probak 179 kilometroko distantzia du eta 3.500 metroko desnibel positiboa. Ibilbidean zortzi mendate daude: Kanpazar, Ixua, Milloi, Astorkigane, Sollube, Gerekiz, Montecalvo eta Urkiola. Iraupen Erdiko probak, berriz, 122 kilometro ditu, 2.445 metroko desnibel positiboagaz. Ibilbidean sei mendate daude.

BIBE Transbizkaiaren lehen aldia 2016an izan zen. Orduan, iraupen luzeko proba bakarrik egin zuten, 500 parte hartzailegaz. Bigarren aldirako iraupen ertaineko ibilbidea gehitu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!