Datozen sanfaustoetan karrozen kopurua eta musikaren bolumena arautu gura du Durangoko Udalak, eta horretarako herritaren iritzia jaso gura du. Bada, durangarren ekarpenak jasotzeko inkesta abiatu dute. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, "jai dibertigarriak, seguruak eta errespetuzkoak bermatu" gura dituzte. Sanfaustoetan "giro orekatua" eta "atsegina" egon dadin zein neurri hartu aztertzen dihardu udala.
Hezkuntza eta Partaidetzako zinegotzi Asier Perugorriak adierazi duenez, “inkesta honekin herritarren ahotsa entzun nahi dugu eta gure jaiak indartuko dituen lankidetzarako jarrera sustatu". Gaineratu duenez, "funtsezkoa da karrozek Durangoko sormen eta aniztasuna islatzea, baina baita sanfaustoez gozatzen duten guztientzat giro segurua eta atsegina bermatzea ere". Talde, elkarte eta herritarrei parte hartzera gonbidatu die udalak, " iritzi guztiak kontutan hartzen dituzten jai inklusibo eta adierazgarriak eraikitzeko".