Herriaren Eskubideak memoriaren galtzada-harriak ipintzea eskatu dio udalari

Anboto 2025ko mai. 22a, 10:57

Harriok herriko kaleetan ipintzea eskatu dute, "frankismoaren eta nazismoaren biktimen omenez", Alemanian "naziek erbesteratutako eta eraildako pertsonak oroitzeko" egiten duten bezala. Hanburgoko kontzentrazio-esparru batean Durangoko biktima bat egon zela jakinarazi dute.

Herriaren Eskubideak Stopelsteine edo galtzada-harriak jartzeko eskatu dio Durangoko Udalari,  "frankismoaren eta nazismoaren biktima bikoitzen omenez". Stolperstein galtzadako harria izendatzako hitz alemana da, eta Alemanian, besteak beste, "naziek erbesteratutako eta eraildako pertsonak oroitzeko" erabiltzen dituzte. Hori dela eta, gisa horretako harriak Durangoko kaleetan ipintzea proposatu du talde independenteak, eta kontzentrazio-esparruetako biktima durangar baten kasua jarri dute helduleku modura:  Gaur egun, Gogoraren Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945) azterlanari esker, badakigu Lorenzo Gaztelumendi Bilbao durangarra Hanburgoko Neuengamme kontzentrazio-esparruaren biktima izan zela", azaldu du Herriaren Eskubideak. Halaber, maiatzaren 4an eremu gura askatu zenetik 80 urte bete zirela gogoratu du, eta bertan 43.000 pertsona inguru hil zituztela azpimarratu. Alderdi independenteak azpimarratu duenez, "nazismoa amaitu zenetik 80 urte igaro direnean, faxismoak genozidioak eragiten jarraitzen du. Munduan indarkeria areagotzearen aurrean, gure memoria lantzen jarraitzea proposatu nahi dugu".

Memoria historikoa

Herriaren Eskubideak azaldu duenez, Stolpersteine Gunter Demnig artista alemaniarraren proiektua da: "Galtzada-harri hauen helburua bikoitza da. Alde batetik, naziek erbesteratutako eta eraildako pertsonak oroitzeko balio dute. Gainera, gogoan izan behar dugu ez dugula utzi behar iraganeko akatsak errepikatzen. 10 zentimetroko zementuzko kuboak dira, eta gogoratzen den pertsonaren funtsezko datuak dituen letoizko plaka bat dute txertatuta. Ekimenak 500 plaka baino gehiago ditu jada Espainian, frankismoaren eta nazismoaren biktima bikoitzak gogora ekartzen dituztenak, eta 50.000 baino gehiago Europa osoan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!