Bugalloren oroimenezko lasterketa izango da zapatuan

Joseba Derteano 2025ko mai. 22a, 09:10

Iazko aldiko podiumeko irudia.

Duranguesa Txirrindularitza Elkarteak Aitor Bugalloren oroimenezko lasterketa antolatuko du zapaturako, 10. edizioa. Kadete mailako lasterketa 16:30ean hasiko da, Ezkurdin.

80 kilometroko itzulian bi bider egingo dute Miotarako joan-etorria. Ondoren, Goiuriara igoko dira. Azken igoera horretan, txirrindulari gazteek aldats gogorrei aurre egingo diete. Proba 17:30 - 17:45 inguruan amaituko da, Ezkurdin. Guztira, 150 bat txirrindularik parte hartuko dute eta Bizkaiko Koparako puntuagarria izango da. 

Lasterketa honek Durangoko gune batzuetako trafikoari eragingo dio. Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, kale mozketa asteburuko oinezkoen gunean egingo da,  San Agustinalden (Museotik), Zumalakarregin eta Josemiel Barandiaranen, hain zuzen ere. Kasu honetan ere, Alde Zaharreko kaleetara sartzeko Kanpatorrosteta kalea erabili beharko da eta Uribarritik Andra Mari kalera sartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!