Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak Sormen Beka DA!- ren deialdi berria egin dute. Zortzigarren deialdi honetan, komiki proiektu bat babestuko dute; izan ere, "bere lekua egiten dabilen generoa da", Nerea Mujika Gerediagako presidentearen berbetan. "Iazko Durangoko Azokako nobedadeen artean komiki asko ikusi genuen; leku zabalagoa behar dutelakoan erabaki dugu aurtengo deialdia komiki proiektu bati eskaintzea", azaldu du aurkezpenean. Irabazleak 15.000 euro jasoko ditu. Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean itxiko da. Ondoren, onuradunak urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko. Gero, 61. Durangoko Azokan aurkeztuko du. Aurreko zazpi edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezkoa, proiektu digitalak, arte eszenikoa, familia transmisioan eragiteko proposamena eta Durangoko Museorako esku-hartze artistikoa saritu dira. Azken hau Irati Bazeta abadiñarra lantzen dabil. Bazetak 60. Durangoko Azokaren barruan aurkeztuko du Harien isla izeneko lana; horrez gainera, Durangoko Arte eta Historia museoan erakusketa egingo du.