Lee eta Leighton aita-semeak, gaua Durangon eman duten 'deabru gorriak'

Joseba Derteano 2025ko mai. 21a, 13:28

Manchester United eta Tottenham Hotspur taldeek Europa Leagueko finala jokatuko dute gaur San Mamesen zelaian. Zale batzuk eskualdean eman dute gaua.

Bilbon biziko den finalaren giroak oihartzun txiki bat utzi du Durangon ere, zale batzuk han-hemenka ikusi daitezkeelako kalean, Bizkaiko hiriburua abiatu aurretik. Horien artean daude Lee Simpson eta bere 12 urteko semea, Leighton. Aita-semeak Manchester United taldeko jarraitzaile sutsuak dira, 'Red Devils' edo deabru gorriak lez ezagutzen direnak, jantzita daramatzaten kamiseta gorriek erakusten duten moduan. Prestonekoak dira, Manchesterretik orduerdi ingurura dagoen hirikoak.

Talde bietako zale askok Bilboko hoteletan tokirik aurkitu ez eta inguruko herrietan hartu behar izan dute ostatu. Ez da aita-seme hauen kasua. Lee Simpsonen emaztea Zornotzakoa da, ezagunak dituzte Durangon eta etxe baten eman dute gaua.

Bart goizaldeko 04:00etan heldu ziren. Gaur goizean Durango ezagutzeko pasealdi bat eman dute. "Ikusi duguna asko gustatu zaigu. Herri ederra da", dio Lee Simpsonek. Tabernan trago bat hartu eta lagun batek kotxez eraman ditu Bilbora. Arratsalderako plana garbi dute: "Bilboko giroa bizi eta Tottenham menderatu!". Markagailu bat ematera ere ausartu dira: 3-1, Manchesterren alde, jakina.

Oraingo hau ez da San Mames bisitatuko duten lehenengo aldia, Athleticen kontrako finalerdietan ere egon zirelako. "Zelai zoragarria iruditzen zaigu", diote. Are zoragarriagoa irudituko zaie finala irabazten badute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!