Bizenta Mogel Bibliotekak ekintza bi eroango ditu domekan, San Fausto auzora: Biblioteka egin eta Biblioteka edonon. Umeei zuzendutako ekintzak izango dira biak, lankidetza-jolasen bitartez, umeen sormena sustatzea helburu dutenak. Lehenengoa, Biblioteka egin, 7-12 urte bitarteko umeentzat izango da, eta 10:30etatik 11:30etara eskainiko dute. Tailer horretan, umeek ingurune atsegin eta kolektibo bat eraiki ahal izango dute askotariko eraikuntza materialak erabilita. Udalak azaldu duenez, sortuko duten eremu hori aproposa izango da jolasteko, irakurtzeko, sortzeko zein atseden hartzeko. Ekintzan parte hartzeko ezinbestekoa da izena aurretiaz ematea. Inskripzioak www.durango.eus/biblioteka-egin atarian egin behar dira.
Bigarren ekintza, Biblioteka edonon, 2-12 urte bitarteko umeentzat izango da eta 11:30etatik 13:30etara eskainiko dute. Parte hartzaileek "elkarrekin jolasteko, sortzeko eta esperimentatzeko aukera izango dute", udalak iragarri duenez. Kasu horretan, ez da izen ematerik aurretiaz egin beharko. Proposamen biek ala biek irakurzaletasuna, lankidetza eta sormena sustatzea dute helburu. Era berean, ekintzak San Faustoko auzotarren komunitatea saretzeko baliagarria izango direlakoan dago udala.