Etxeko lanaren araudiari buruzko berbaldia Durangon

Anboto 2025ko mai. 21a, 09:45

Hilaren 30ean etxeko langileen kontratazioari eta lan-baliabideei buruzko zalantzak argituko dituzte Elkartegian.

Maiatzaren 30ean, Durangoko Udaleko Immigrazio sailak etxeko lanaren araudiaz informatzeko saioa eskainiko du. Jardunaldia 18:00etan izango da, Elkartegian. Oscar Vellisca abokatua eta lan-zuzenbidean aditua arduratuko da berbaldia emateaz. Durangoko Udalak azaldu duenez, saioaren helburua "herritarrei —bai enplegatzaileei, bai arlo horretan lan egiten dutenei— etxeko ingurunean lan-harremanak arautzen dituzten lege-alderdiei buruzko informazio argi eta eguneratua eskaintzea da". Saioan hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola kontratuaren forma eta iraupena, kontratu-ereduak, ordainsariak, lanaldia, oporrak, baimenak eta Gizarte Segurantzan alta ematea. Bertaratzea doakoa da eta ez da aldez aurretik izena eman behar. Udalak herritarrak gonbidatu ditu berbaldira joan eta etxeko lanaren eskubideak eta betebeharrak ezagutzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!