[ARGAZKI GALERIA] Isabella Holmgren 19 urteko kanadiarrak irabazi du Durangoko klasikoa

Anboto 2025ko mai. 20a, 18:45

San Juan Momoitorako aldapa gogorrean jo du erasoa eta bakarrik helmugaratu da.

Isabella Holmgren 19 urteko kanadiarrak (Lidl-Trek) irabazi du gaur arratsaldean lehiatu den Durango-Durango Laboral Kutxa Emakumeen Saria. Lasterketa San Juan Momoitiorako azken igoeran erabaki da. Holmgrenek eraso gogorra jo du eta inork ezin izan dio jarraitu, ezta irabazteko faborito nagusien artean zegoen Elisa Longo italiarrak ere. Kanadiarrak erritmo biziari eutsi dio aldapa behera ere eta bakarrik eta emozionatuta helmugaratu da. Zortzi segundora sartu da Evita Muzic frantziarra, hau ere bakarrik. Ondoren, 44 segundora heldu den taldetxoan, Thalita De Jong herbeherearra izan da azkarrena, podiumeko hirugarren tokia eskuratuz.

Taldetxo horretan sartu da lehenengo euskalduna ere: Usoa Ostolaza zarauztarra (Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi), seigarren tokian. Iazko moduan, Ane Santesteban hamar onenen artean geratu da aurten ere, zortzigarren tokian. Santestebanek makina bat urtez jarraian irabazi du euskaldunik onenaren saria Durangoko klasikoan, baina aurten Ostolazak hartu dio erreleboa.

Durangaldeak ordezkari bat izan du gaurko lasterketan: Eulen-Nuuk taldeko Aroa Gorostiza. Elorriarra txirrindularitzara itzuli da aurten eta Durangoko klasiko gogorra amaitzea lortu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!