Durango Rugby Taldeak (DRT) partidu bikaina egin zuen zapatuan Gaztedi mendean hartzeko: 52-38. Talde biek Euskal Ligako finalerdietako joaneko partidua jokatu zuten, Arripausuetan. Puntu askoko partidu ikusgarrian, DRTko emakumeak inspiratuta ibili ziren erasoan.
Itzuliko neurketa datorren zapatuan, 17:00etan, hasiko da Gasteizen. DRTk 14 puntuko aldeari eutsi beharko dio. Alde polita da, baina ez erabakigarria.
Finalerdi honetako irabazleak finalean zain du Universitario Bilbao. Ligako liderra zuzenean sailkatu da finalera, kanporaketarik jokatu beharrik gabe. DRTk, berriz, Txingudi taldea menderatu zuen final laurdenetan, partidu bakarrera jokatutako kanporaketan, eta orain Gaztedi du aurkari. Euskal Ligako finala Gasteizen jokatu da, maiatzaren 31n.