Durango-Durango Emakumeen Laboral Kutxa Saria klasikoak munduko txirrindularirik onenetarikoak batuko ditu bihar, maiatzak 20. Lasterketa 15:00etan hasiko da, Ezkurdin.
Urtero legez, Duranguesa txirrindularitza elkarteak antolatzen duen klasikoak goi mailako taldeak batuko ditu. Aurtengo aldian 23 taldek parte hartuko dute eta euretariko batzuk World Tour mailakoak dira. Emakumeen mundu mailako UCI egutegiaren barruko lasterketa da.
Hainbat txirrindulari nabarmendu daiteke lasterketa irabazteko faboritioen artean. Lasterketa irabazteko faborito nagusienetakoa Elisa Longo Borghini italiarra izango da (UAE team ADQ). Italiako txapeldunak goi mailako palmaresa du. Durangoko klasikoan birritan igo da podiumera, baina oraindik ez du irabaztea lortu: 2016an bigarren izan zen eta 2020an hirugarren. UCI Rankingean goiko postuetan dauden Elisa Balsamo eta Evita Muzic ere aipatu daitezke faboritoen artean. Eskualdeko taldeei dagokienez, Abadiño Cycling Academia taldeak sei txirrindularigaz parte hartuko du klasikoan. Horrez gainera, Durangaldeak txirrindulari bat izango du errepidean: Eulen-Nuuk taldeko Aroa Gorostiza elorriarra.
Ibilbidea
Klasikoak 113 kilometroko ibilbidea du. Lehenengo zatian Berriz-Elorrio-Atxondo-Abadiño zirkuitua egingo dute. Guztira, lau bider igaroko dira Miota gainetik. Azkeneko 30 kilometroak ikusgarriak izango dira. Lehenengo, Zaldibarretik Areitio igoko dute eta Berrizera jaitsiko dira. Ondoren, Abadiñotik Garaira eta Goiuriara igoko dira. Eta, erremate modura, ziklistek Iurretatik San Juan Momoitioko aldats gogorrei aurre egingo diete. Lasterketako unerik ikusgarrienak igoera honek utzi ohi ditu, % 20ra arteko aldatsak daudelako eta handik zuzenean helmugarantz doazelako.
Lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da LOTURA HONETAN