Garat-Salaberry eta Celaya-Unda bikoteak Euskal Jaia zesta punta txapelketako finalerdietara sailkatu dira

Anboto 2025ko mai. 19a, 09:19

Gizonen txapelketak aurrera darrai apurka. Emakumeena bertan behera utzi behar izan dute aldi berean beste hainbat txapelketa daudelako.

Asteburuan Euskal Jaia zesta punta txapelketako final laurdenetako bi partidu jokatu dira. Zapatu arratsaldean, Ipar Euskal Herriko Garat eta Salaberryk finalerdietarako txartela irabazi zuten Hondarribiko Basterra eta Gernikako Urrutxuaren aurka, azken hauek faborito ziren arren. Partidua ikusgarria eta oso berdindua izan zen. Lehenengo setean Iparraldekoak 15-14 gailendu ziren, baina bigarren seta Basterrak eta Urrutxuak irabazi zuten: 7-15. Desenpatean Garat eta Salaberry gailendu ziren: 5-2.

Domekako kanporaketan, Martin Celaya markinarrak eta Iñigo Unda gernikar atzelariak, Tolosako Altuna eta Markinako Peru zituzten aurrez aurre. Azken hauek atariko fasetik zetozen gazteak ziren, baina azkenean ezin izan dute sorpresarik eman. Lehenengo setean 15-9 galdu zuten eta bigarren setean 15-11. Beraz Martin Celaya eta Unda finalerdietarako sailkatu ziren.

Bikote irabazleek maiatzaren 31n, 17:30ean, jokatuko dute finalerdietako partidua Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.

Emakumeen txapelketa, bertan behera

Antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez, emakumeen txapelketa bertan behar utzi behar izan dute lehenengo kanporaketa jokatu ostean. Aldi berean beste hainbat txapelketa jokatzen ari direla da arrazoia, hala nola, Donostiako Master Seriesa, Nazioen arteko liga eta Bilbo Iron Cup. "Tamalez bertan behera utzi beharra izan dugu", adierazi dute. Final egunean nesken lagunarteko partidu bat antolatuko dute, txapelketatik kanpora.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!