Nortzuek osatzen duzue Ernetuko lantaldea?
Ernetuko lantaldea oso formakuntza zabala eta zehatza duten lau psikologo profesionalez osatuta dago. Osasun psikologian masterdunak ditugu gure lantaldean, gazte eta helduentzako esku hartzean espezializatutakoak, ume zein nerabeen esku-hartzean espezializatutak eta hezkuntzara aplikatutako psikologian adituak gara.
Psikologiaren arloan, zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Kognizio-jokabide psikologia aplikatuta, 6 urtetik gorako pertsonei bideratutako laguntza psikologikoa eskaintzen dugu; hau da, ume, nerabe, gazte eta heldueei zuzendutakoa. Pertsona bakoitzari egokitutako plan zehatzen bitartez lan egiten dugu. Lantaldea osatzen dugun adituon esanetan, pertsona bakoitzaren adin-tartea eta zailtasuna kontuan hartuta atenditzen ditugu bezeroak. Talde-lanean aritzen gara, baina beti ere konfidentzialtasuna eta bezeroa bera errespetatuta.
Geroago eta gehiago berba egiten da osasun mentalari buruz.
Oraindino ere ohikoa da pertsonak beldurrez edo lotsaz joatea kontsultara lehenengoz. Nahiz eta gizartean osasun mentalari buruzko estigma gutxitzen dabilen eta normalizatzen hasi den esku-hartze psikologikoari dagokionez, jende askok zelanbaiteko beldurra sentitzen du epaiaren aurrean edo prozesuan zer aurkituko duen ez jakitearen aurrean. Askotan, laguntza eskatzea "ahultasunaren" seinale lez ikusten da, nahiz eta benetan ausardiaren eta autozaintzaren adierazgarri izan. Zorionez, aurrerapausoak ematen jarraitzen dugu.
Zuen esperientziatik, zein arrazoirengaitik joaten da jendea kontsultara orokorrean?
Gure esperientzian, pertsonak askotariko arrazoiengaitik etortzen dira kontsultara, baina ohikoenak antsietateagaz eta estresagaz loturiko sintomak izaten dira. Sintoma hauen agerpenak egunerokotasunari aurre egiteko funtzionatzeko dugun moduagaz lotuta egoten dira. Gaur egungo bizitza frenetikoa, beste hainbat faktoreren artean, norbanakoaren barne eta kanpo estresoreekin lotu dezakegu, eta egunerokotasunari aurre egiteko moduak eragin handia du gure ongizatean. Oso azkar eta modu iraunkor batean aldatzen dabilen gizarte bati egokitzeko, norbanakoak dituen baliabideak garatzea ezinbestekoa da, bizitzarako erremintak garatzea. Balio sistema asertibo bat garatzea, adibidez.
"Bizitzen ala bizirik irauten ari naiz?"
Yurena Miguel (Helduen psikologia)
Zelan dakigu helduok psikologoarengana jo behar dugun?
Arazoa sortzen da ondoeza denboran zehar mantentzen denean eta lasaitasunez bizitzen ez denean. Galde genezake: bizitzen ari naiz ala bizirik irauten ari naiz? Badira kontuan har ditzakegun adierazle edo alarma-seinale batzuk: norberak egoera bat kudeatzeko zailtasuna, aldarte konstantean aldaketak edo alterazioak, harreman pertsonaletan arazoak, seinale fisiologikoen agerpena, estres pertsonalaren maila handia... Ondoez hori aitortzea eta laguntza psikologikoa eskatzea ez da ahultasun-seinale bat, baizik eta nork bere burua zaintzeko eta kontzientzia hartzeko modu bat.