Ongizate gehigarria

"Prebentzioa da neurririk onena hortzak zaintzeko"

Joseba Derteano 2025ko mai. 16a, 10:49

Bea Unamunzaga eta Edur Etxebarria, 3Dko eskanerraren ondoan.

Mende laurdenaren atarian, 8.500 paziente baino gehiago artatu dituzte Unamunzaga-Etxebarria hortz klinikan. Denbora honetan, puntako berrikuntza teknologikoak barneratu dituzte. Bea Unamunzagak erantzun die ANBOTOren galderei. 

Zelan markatu dute aurrerapen teknologikoek zuen lana?
Teknologia berriek lana erraztu dute. Oso argi izan dugu beti inbertsioa funtsezkoa dela pazienteari zerbitzurik onena emateko, eta horretan ahalegindu gara. Ahoaren 3Dko imajinak sortzen dituen puntako eskanerrak eskuratu ditugu. Mota bikoak dira: batek ahoko hezurduraren imajina osoa eskaintzen digu, eta besteak hortzedurarena. 3Dko teknologia denez, imajinak edozein ikuspegitatik aztertu ditzakegu. Beste abantaila bat da asko errazten digula hartu-emana pazienteagaz: hortzen egoera erakusteko, tratamenduak azaltzeko… Pazienteak unean bertan eta zehatz-mehatz jarraitu dezake egiten gabiltzana. Teknologia honek oso harrera ona izan du pazienteen artean, oso esker oneko agertu zaizkigu, eta beste eskaner bat ere eskuratu dugu, belaunaldirik berrienekoa. Beste abantaila bat ere aipatu gura nuke: datuak digitalki bidaltzeko aukera. Esaterako, lehen pasta edo ore bat erabiltzen genuen protesiak egiteko. Orain ia ez dugu erabiltzen. Datuak digitalki bidaltzen ditugu laborategira.  

2026an 25 urte egingo dituzue.
Hala da. Edur eta biok hasi ginen eta oraindino elkarregaz jarraitzen dugu. Apurka lantaldea handitzen joan gara. Denbora honetan, 8.500 pazientetik gora artatu ditugu eta esker onekoak gara denekin.

Garai batean hortzen osasuna zaintzea zen hortz klinikara joateko arrazoi nagusia. Gaur egun, estetika kontuek geroago eta pisu handiagoa dute?
Bai. Esaterako, oso modan dago hortzak zuritzeko tratamendua. Bai adin batetik aurrerakoen artean, urteekin hortzak horixkatzen eta higatzen joaten direlako, eta baita gazteen artean ere, sare sozialetan horrelako tratamenduei buruzko edukiak ikusten dituztelako. 

Zuritze maila desberdinak daude?
Bai, zenbait aukera dago eta paziente bakoitzak erabakitzen du bere zuri gradua. Guk kolore naturalak gomendatzen ditugu. Zuritze tratamendu baterako lehenengo pausoa ahoaren azterketa bat egitea da. Ahoak osasuntsu egon behar du. Gero, tratamendu mota bi daude: klinikan egiten dena eta etxean egiten dena.

Zeintzuk dira tratamendu mota bakoitzaren ezaugarriak?
Klinikakoa tratamendu arina da. Emaitzak denbora gutxi barru lortu gura dituenak erabiltzen du, lasterrera ezkontza bat duenak, esaterako. Etxeko tratamenduak luzeagoak dira eta pazientearen partetik ekina izatea eskatzen du. Tratamenduak irauten duen bitartean, oso garrantzitsua da elikadura egokia eramatea. Emaitza hobea lortuko da eta orbanak saihestuko dira. Dieta zuri bat egitea gomendatzen da. Hau da, ardoa, tea, tomatea, currya eta antzerako saltsak ez hartzea gomendatzen da. Pazientearen partetik konpromiso bat eskatzen du. 

Hortzen posizioa zuzentzeko lerrokatzaile ikusezinek (Invisilign eta antzerako ortodontzia sistemak) ere geroago eta indar handiagoa dute, braketen aurrean. Zeintzuk dira sistema honen ezaugarriak?
Arlo honetan ere aldaketa handia izan da. Lehenengo eta behin, ondo aztertu behar da paziente bakoitzarentzat zer den onuragarriagoa: Lerrokatzaile edo aligner-a, ala braketa. Aligner-a oso sistema erosoa da eta oso emaitza ona ematen du. Ez du zauririk eragin dezakeen pieza metalikorik. Eta oso estetikoa da, kanpotik ez delako ikusten. Hain zuzen ere, jende heldu asko horregaitik animatzen da, ikusezina delako. Bere burua ez du braketekin imajinatzen, baina bai aligner sistemagaz. Desabantailen artean, honako hau nabarmenduko nuke: pazienteari ekina izatea eskatzen dio. Hau da, egunero fundatxoa ipini behar da nahitaez. Ipini ezik, ez dago zereginik. 

Geroago eta heldu gehiago animatzen da, beraz. Eta gazte eta nerabeen artean?
Berdin, aligner-a boom bat izan da gazteen artean. Baita profesionalon ikuspuntutik ere. Lehen posible ez ziren aukerak eskaini dizkigu. Garai batean, umeei behin betiko hortz guztiak irten arte itxaroten genuen aparatua ipintzeko. Orain, esneko hortz batzuk izanagaitik, aligner-a ipini daiteke. Prebisioz jokatzeko aukera eskaintzen du. Gure pazienterik onenak 7tik 10 urtera arteko umeak dira. Tratamendu honek umeengan duen emaitza ezin hobea da ikuspuntu denetatik. 

Tratamenduaren ondoren, mantentze-lana egin behar da?
Bai. Argi esaten diet pazienteei: mantentze-lana oso garrantzitsua da, urteak joan ahala hortzak mugitu egiten dira eta. Bizitza osoan zehar, gauero, atxikitzaile bat ipini behar da ahoan. Horrela bermatuko da hortzak bere tokian egotea bizitza osoan zehar. 

Zer gomendio ematen diezu gurasoei seme-alaben hortzetako osasuna zaintzeko? 
Oraindino badago halako uste bat, esneko hortzak ez direla tratatu behar. Baina esneko hortzak ondo zaintzea inportantea da, behin betikoak behar den tokian irten daitezen. Aldiro ahoko azterketa bat egitea komeni da. Arlo horretan, Osakidetzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programa (PADI) fenomeno dator. 15 urtera artekoek doan dute hortz-tratamendua. Baina hortik aurrera hutsune bat ikusten dut, gutxi gorabehera 18 urtetik 30 urtera arteko gazteen kasuan. Azterketa egiteko ohitura galtzen dute. Prebentzioa da neurririk onena hortzak zaintzeko. 

Adinekoen kasuan, zer esan dezakegu?
Geroago eta adineko gehiago dago eta gerodontologiak geroago eta garrantzi handiagoa du. Nire ustez, zahar egoitza publiko guztietan dentista edo higienista bat egon behar litzateke, eta ospitale publiko guztietan odontologia zerbitzu minimoa. Horrez gainera, radioterapia edo kimioterapia hartzen dutenentzat ere ospitaleko odontologia zerbitzua egon behar litzateke, eta baita traumatismo bat izan eta larrialdietara joaten direnentzat ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!