Bakarkako proiektua aurkeztu duzu. Zelan, ba?
15 urtez rock esparruan ibili naiz Mocker's taldean, baina abesti poperoagoak konposatzen ere aritu naiz itzalean. Ez zuten Mocker's-en izaeragaz guztiz bat egiten eta horregaitik ez ditut lehenago kaleratu. Musika egunero entzun edo jotzen dut, niretzat beharrezkoa den zeozer da, eta orain urte bi Mocker's lozorroan sartu genuenez (egoera horri aurre egitea oso gogorra izan zela onartu behar dut, bai musika eta baita adiskide modura ere), nire abesti "lasaiagoak" grabatzeko aukera erreala ikusi nuen.
Proiektua lan autobiografikoa da, nik neuk bizi izandako egoerak jorratu ditut, bai letren bitartez eta baita musikaren bitartez ere. Beraz, lan pertsonal eta berezia da niretzat. Hasieran, proiektua akustikoan egiteko ideia izan nuen, baina abestiek kolore maila handiago bat lortzen dute taldeagaz jotzerakoan, eta horixe izan da arrazoi nagusia banda bat bilatzeko. Esango nuke erabaki zuzena hartu dudala. Hala ere, ez dut albo batera uzten bakarkako formatuan ere kontzertuak ematea, era horretara abestiek kutsu gozo eta delikatu bat lortzen dute eta.
Abesti solteak kaleratzen zabiltza.
Bai. Lehenengo abesti biak plataformetan ipini nituen maiatzaren 9an. Beste abesti bat gaur ipini dut, eta 23an beste bat ipiniko dut. Uda ostean zortzi abestiz osaturiko diskoa argitaratzea da nire asmoa, eta, hori dela eta, laster estudioan sartuko gara berriro.
Zer itxaron dezakete entzuleek?
Proiektu honetan pop landua eta sakona jasoko dute, ikutu rockeroekin. Gorka Urbizuk kaleratutako azken diskoaren gordintasuna eta epeltasuna nire barruan geratu da, baina Benson Boonen abesti askotan aurkitu ditzakegun energia eta produkzio lana ere bai. Beraz, bi horien eta beste hainbat influentziaren eskutik jaio dira abestiak.
Eta Mocker´segaz ezagutu zintuztenek? Dezente aldatu duzu erregistroa.
Mocker'setik ezagutzen nautenek nire alderik rockeroenagaz lotuko nautela suposatzen dut, han baxua jotzen nuelako. Baina rockaz gainera beste musika asko dut gustuko, eta oraingoan nire bihotzeko rock doinuak portuan amarratuta utziko ditut, pop sentikor, melodiko eta sakonaren itsasontzian nabigatzeko. Gainera, izatez, gitarrista naiz, eta, hortaz, proiektu berri honetan baxua albo batera utzi, eta abesteaz gainera gitarra jotzen ere ikusiko naute.
Bakarkako lana izan arren, taldea osatu duzu. Aurkeztu ditzakezu taldekideak?
Esan dudan moduan, bakarkako lana izan arren talde edo banda osoagaz lortu daitekeen soinua eta kolorea itzela izan daiteke, eta, horregaitik, horren alde egin eta proiekturako musikariak bilatzen hasi nintzen. Proiektura batzen lehenengoa Liher Granados Lauzirika (baxua) izan zen, eta geroago Asier Ardanza Cuevas (bateria) eta Martzel Vargas Zabala (gitarra) batu zitzaizkigun.
Baduzue etapa berriko abesti hauek zuzenean aurkezteko asmorik?
Jakina! Irrikan gaude oholtzara igotzeko. Ekaina eta uztaila bitartean estudiora itzuliko gara, beste lau abesti grabatzeko, eta uda ostean zortzi abestiz osaturiko diskoa kaleratzea da gure asmoa. Beraz, irailera edo urrira arte ez dut uste zuzenekorik emango dugunik.