Lanerako beka bategaz heldu zinen Dominikar Errepublikara. Zerk eragin zuen bertan geratzea?
Dominikarrak oso ondo portatu dira nigaz, hasieratik, eta etxean legez sentiarazi naute. Oso atseginak eta oso zoriontsuak dira. Beste era batera bizi dute bizitza. Asko bizi dute oraina: 'gaur gaurkoa, eta bihar erabakiko dut', esaten dute. Kalean beti dago musika, jendea dantzan... Ia denek dakite saltsa, merenguea, bachata eta dembow-a dantzatzen. Bizitza ikusteko beste era bat sentitu daiteke une oro. Gauza gutxigaz energia asko du jendeak; eta beti daude pozik. Asko eskertzen da hori. Urte osoan 25-30 graduko tenperatura izateak ere asko laguntzen du, baina beroa jasanezina da abuztuan.
Bizitzaren beste ikusmolde bat dutela diozu. Zelakoak dira, ba?
Oraina bizi dute, eta horrek guztiz aldarazten dizu bizitzagazko ikuspegia. Oso fededunak dira. Asko arduratzen dira ea ondo zauden, ea ezer falta duzun, eta duten guztia eskaintzen dizute. Asko partekatzekoak dira. Dominikar Errepublika edozer gauzaren gainetik babesten dute, haien DNAren parte da. Oso umilak dira eta beti dute berba on bat esateko.
Euskal Herria eta Dominikar Errepublika oso desberdinak dira?
Bai. Hasieran, egokitze prozesua ez zen erraza izan. Espainieraz berba egiten dute, baina ez guk uste dugun moduan. Oso bizkor berba egiten dute, ez dute ia ahoskatzen. Ulertzea egin zitzaidan gatxena. Euren argota dute, eta badira berba batzuk guretzat esangura bat dutena eta eurentzat beste bat. Euren kodea edo berba egiteko era ulertuta, oso ondo egokitu naiz.
Ezagutzen zenuen herrialdea?
Ez, baina ia herrialde guztia bisitatu dut, dena dago gertu. Punta Canan leku izugarriak daude. Aurretik, Txilen egonda nago. Banekien Latinoamerika eta Karibea nire tokia direla.
Etortzen zara Durangora? Zeren falta igartzen duzu?
Ez naiz gura nukeen beste joaten. Urtean behin edo birritan ahalegintzen naiz joaten. Familiaren eta lagunen falta igartzen dut, eta pintxopotearen falta ere bai. Ez dakigu baloratzen zer daukagun urrun dugun arte.
Hor ikusten duzu zure etorkizuna?
Dominikar Errepublikak ezer irakatsi badit, oraina bizitzea izan da. Ez dakit non amaituko dudan, ez dut aterik ixten. Errepublika beti izango da nire etxea, bihotzean eramango dut; bachata, merenguea, saltsa... dantzatuko dut. Egundoko familia egin dut, lagun handiak ditut hemen.