Egitasmo bien helburua durangarrak migratzaileen egoeraz eta horiek babeserako eta segurtasunerako duten eskubideaz sentsibilizatzea izango da. Batetik, Arrazakeriaren Aurkako Astean, herriko ikastetxeetako ikasleen proiektuak eta migratzaileen eskubideez sentsibilizatzeko argazki erakusketa egongo dira. Bestetik, maiatzaren 24an, Afrikaren Egunean, udalerriko komunitate afrikarreko kideek beren kultura kaleratzera irtengo dute herritar guztiekin batera.
Jesica Ruiz gizarte ongizateko zinegotziak azaldu duenez, egitasmoen helburuetako bat enpatia sustatzea izango da: "Funtsezkoa da bestearen lekuan jartzea, migratzaileek dituzten zailtasunak eta erronkak ulertzeko ahalegina egitea, baita gure udalerriko gizarte sareari egiten dizkioten ekarpenak ospatzea ere". Zinegotziak gaineratu duenez, "erronka kolektiboa da", eta durangar bakoitzak dauka herritar guztiak durangarren parte sentitzeko zeregin garrantzitsua.
Proiektuak eta erakusketak
Herriko ikastetxeak ere bete-betean inplikatuko dira Arrazakeriaren Aurkako Astean. Esate baterako, Fray Juan Zumarraga institutuko ikasleek Loturak Zabalduz proiektua garatuko dute, Bilboko San Frantzisko auzoko kultura-aniztasuna ardatz hartuta, migrazio prozesuez eta kultura arteko errealitateaz sentsibilizatzea helburu duena. Bestalde, Landako Guneak Ihes egitea zilegi balitz.Ihes egitea eskubidea da izeneko argazki erakusketa hartuko du maiatzaren 19tik 25era. Gari Garaialde eta Javi Julio fotokazetariek bultzatutako erakusketa da, migratzaileek mugak zeharkatzen saiatzean dituzten baldintza zailak erakusten dituena. Erakusketak hainbat lekutako migrazio errealitateak jasotzen ditu, hala nola Melilla, Lesbos, Zarzis, Angers, Biella, Pozallo eta Mediterraneo aldekoak.
"Kultura-aniztasuna gure indargune handienetako bat da, eta bere osotasunean baloratzen ikasi behar dugu”, amaitu du Ruizek. Durangoko Udalarekin batera, hainbat dira eguna antolatzen dabiltzan elkarteak. Honako hauek: Mlomp, Ghana La Paz Amor Lagunen Elkartea, Senegal Fraternidad Sen Euskadi Laguntza Elkartea, Dahira Sope Naby Elkartea, Urokal Sindolaal Elkartea, Wafakay Elkartea, Ekuatore Gineako Ceiba Kultur Elkartea, Afrikaldia, Arrupe Elkartea, Batudamak Batiukada, Boluntario linguistikoak - hizkuntza boluntariotza, Durangoko Denboraren Bankua, Inurri Eskaut Taldea, Jaizale Txistulari Elkartea eta Kristintin Dantza Taldea.
EGITARAUA
Maiatzaren 22a
- 19:00 Afrikako Zinemen Euskal Jaialdi Txikia Zugaza zineman
Maiatzaren 24a, Afrikaren Eguna
- 11:00 Djembé tailerra Andre Marian.
- 12:00 Adierazpena eta Batudama taldearen kalejira herriko kaleetan.
- 13:00 Ekintzak Landako Gunean: photocalla, umeentzako tailerrak.
- 14:30 Landako Gunean: Janari eta edari afrikarrak
- 17:00 Deborah Ekokak eta Doudou Ngangak ipuin afrikarrak aurkeztuko dituzte
- 18:00 Dantza tailerra
- 20:00 Afrika Bibang eta Denjah Manen kontzertua Andre Marian.