Durangoko EH Bilduren arabera, Tabirako igerilekuek "aldagela berrietarako proiekturik gabe" jarraitzen dute; hori dela eta, aurtengo udan ere, herritarrek "barrakoiekin konformatu" beharko dutela kritikatu du. Subiranisten iritziz, egoera hori udal gobernu taldearen "aurreikuspen eta herritarrekiko konpromiso faltaren erakusgarri kezkagarria" da: "2024ko urrian, Durangoko alkate Mireia Elkoriribek jendaurrean iragarri zuen udako igerilekuetako aldagela berriak 2026ko udarako prest egongo zirela. Hala ere, zazpi hilabete geroago, obrak ez hasteaz gain, proiektua lizitatu ere ez da egin", adierazi du EH Bilduk.
Era berean, "txosten tekniko berri batek" aldagela zaharrak eta erabilera anitzeko kantxa hartzen zituen eraikina "oso egitura-egoera larrian" daudela jakinarazi dute. "Denbora badoa, eta benetako aurrerapenak urriak dira. Herritarrek azalpen argiak eta konpromiso zehatzak, errealistak, merezi dituzte", amaitu du koalizioak.