[BIDEOA]: Pepe Mujica durangarrengana zuzendu zenekoa

erredakzioa 2025ko mai. 14a, 10:08

José 'Pepe' Mujica hil da, Uruguaiko presidente ohia, 89 urterekin. Honen harira, sare sozialetan orain urte bi Mujicak durangarrei zuzendutako mezuaren bideoa biralizatu da. 2022ko irailean, durangarrentzako bideoa grabatu zuen, udalerriaren eta Uruguaiko Montevideo hiriburuaren arteko senidetzea zela-eta. Durangoko Udalaren Youtubeko kanalean ikusgai dago. 

Ikus-entzunezkoan, Mujicak bere sustrai euskaldunei egin zien erreferentzia, baita itxaropenari, munduko aberastasunaren banaketari, migrazio-mugimenduei eta Euskal Herriaren nazio izaerari ere. Era berean, eskerrak eman zizkien euskaldunei, Ameriketan eta Uruguain egindako ekarpenengatik. Mujica ikur bihurtu da nazioartean, bere agintaritzaren osteko bizimodu eta mundu ikuskera umilagatik. Botere-postuetan jardun izanagatik, beti agertu zuen sotiltasunarekiko, umiltasunarekiko eta balioenganako konpromisoa, atzo hil zen arte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!