Napar txokoko bazkide bi elkarren kontra lehiatuko dira pintxorik onenak prestatzeko dueluan

Ekaitz Herrera 2025ko mai. 15a, 12:00

Sukaldaritza lehiaketa entzutetsuenen antzera, Durangoko Napar txokoak pintxo lehiaketa antolatu du. Elkarte gastronomikoko kide bi elkarren aurka lehiatuko dira mokadurik onenak zeinek prestatzen dituen erabakitzeko. Txokoko 35 kidek dastatuko dituzte pintxoak, eta haiek erabakiko dute bietako zein den ohorezko sukaldari. 

Ez dira sukaldari profesionalak, bakoitzak bere lan propioa dauka-eta. Alabaina, kozina-zaleak dira, eta euren sukaldari dohaiak erakutsiko dizkiete elkarte gastronomikoko gainerako bazkideei. Durangoko Napar txokoak pintxo lehiaketa antolatu du, eta bertan lehiatuko dira etxe horretako kide bi: Zigor Gerediaga eta Ortzi Egia. Maiatzaren 22an, biek ala biek, bina pintxo prestatu eta bertan baturikoei emango dizkiete dastatzeko. Duelua 20:00etan hasiko da, eta plaza guztiak beteta daude jada. Txokoko 35 kidek dastatuko dituzte pintxoak, eta haiek erabakiko dute bietako zein, Gerediaga ala Egia, den ohorezko sukaldari. 

Elkartea zabaldu genuenetik ekintzak antolatzeaz arduratzen den lantalde bat dago. Dastaketak egin izan ditugu, kantaldiren bat antolatu, bazkideei zuzenduriko zerbait egin. Bada, oraingo honetan, pintxo lehiaketa antolatu dugu", azaldu du elkarteko Gaizka Mendiola bazkideak. Zigor Gerediagak eta Ortzi Egiak misio bat izango dute: bina pintxo prestatzea. Hotza, bata; beroa, bestea. Bertan baturiko afaltiarrek deliberatuko dute zein den irabazlea. "Azken finean, batak edo besteak irabazi, zerbait dibertigarria egitea da kontua, lagunartean une polit bat igarotzeko aitzakia", zehaztu du Mendiolak. Halaber, lehiaketak ikusmin handia sortu duela aitortu du: "Jolas bat da, gure arteko jolasa, baina egundoko ikusmina sortu du, sarrera guztiak 24 orduan saldu ziren-eta. Jende askok kanpoan geratu behar izan du ezinbestean". 

Pintxo ezezagunak

Lehiaketak honako berezitasun hau ere badauka: lehiakideek ez dute aurkariak prestatuko dituen pintxoen berririk. Itsumustuan jakingo dute horren berri, eta, horrenbestez, aurretiaz erabaki beharko dute mokadurik irudimentsuenak eta gustagarriak zeintzuk izan daitezkeen. Gauza bat baino ez dago argi: jatekoez aparte, umorea eta lagunarteko txantxak izango dituzte osagai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!