Durangoko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu LGTBIfobiaren Kontrako Nazioarteko Egunagaz eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunagaz bat egiteko. Horien artean, Markel Ganboa antzezle durangarraren obra berria dago: La casa. Tragicomedia actual de los realities en España. Udal iturrien arabera, Ganboak "kultura garaikideari eta identitateei buruzko gogoeta" egin du antzezlanean, "begirada fresko eta probokatzaile batetik". Hark zuzendu du lana, eta "maitasunaren alderdi guztiak" jorratu ditu lanean. Durangarrak Federico García Lorcaren hainbat testurekin ondu du lana, besteak beste, Bodas de Sangre, La Casa de Bernarda Alba eta Yerma lanekin. Obra ekainaren 6an taularatuko dute San Agustin kulturgunean, 20:00etan.
Bestalde, ekainaren 27an, 10:00etatik 17:00etara, LGTBIQ+ jolasak egongo dira Tabirako igerilekuetan (euria eginez gero, Landakon). Arratsaldean, 19:00etan, Plateruena Kultur Aterpean, Zinegoak jaialdiko LGTBIQ+ film labur sorta bat proiektatuko dute.